Gizartea -

EAEko datuak

Genero indarkeriaren kasuak % 4,22 hazi dira 2012an

% 25,91 egin dute gora etxe barruko indarkeria kasuek, eta sexu erasoak % 28,38 jaitsi dira, Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundeak egindako ikerketaren arabera.

Genero indarkeria salatzeko protesta ekitaldi bat. Argazkia: EFE
Genero indarkeria salatzeko protesta ekitaldi bat.
Genero indarkeria salatzeko protesta ekitaldi bat. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Genero indarkeriaren 1.038 kasu zenbatu ditu Auzitegi Medikuntzarako Euskal Erakundeak 2012an, aurreko urtean baino % 4,22 gehiago. Halaber, etxe barruko indarkeriaren 413 kasu erregistratu dituzte, 2011n baino % 25,91 gehiago. Bestalde, % 28,38 jaitsi da sexu-erasoen kopurua, 212 kasu izan baitira orotara.

Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundeak 2012. urteko txostena aurkeztu du asteazken honetan Bilbon, eta prentsaurreko horretan izan dira Carlos Cubero Auzitegi Medikuntzako zuzendaria eta Ana Agirre Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Saileko sailburuordea.

"Arduratuta" mintzatu da Agirre genero indarkeriaren kasuen kopurua hazi egin delako urtebetean: 996 izan ziren 2011n, eta 1.038, 2012an. Lurraldez lurralde, Araban 245 kasu erregistratu ziren, Gipuzkoan 320, eta Bizkaian 473. Hori dela eta, genero indarkeriaren kausak aztertzeko ikerketa bat egiteko beharra azpimarratu dute.

Bestalde, % 25,91 hazi da etxe barruko indarkeria salaketen ondorioz irekitako espediente kopurua. Horietatik, 59 Araban ireki dituzte, 213 Gipuzkoan eta 141 Bizkaian. Sexu-erasoak direla eta irekitako espedienteen kopuruak % 28,38 egin du behera, guztira 212 izan baitira. Bizkaian ireki dituzte horrelako espediente gehien, 107 guztira; Gipuzkoan 53 eta Araban 52 ireki dituzte. Halaber, 2008tik hona % 31 hazi da bortxaketa kasuak argitzeko irekitako espediente kopurua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea