Gizartea -

Filipinetan hildako nafarra

Sara Francesen gorpua gaur berreskuratzea espero dute agintariek

Azkoiengo gaztea Filipinetako sumendi batean hil zen, mutil-lagunarekin eta beste hiru pertsonarekin batera, eztanda baten ondorioz.

Sumendia Filipinasen
Sumendia Filipinasen
Sumendia Filipinasen

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erreskate taldeek gaur berreskuratuko dute Sara Frances gaztearen, Filipinetako Mayon sumendian hil zen Azkoiengo (Nafarroa) neskaren, gorpua.

Orotara, bost pertsona hil ziren sumendian: Sara Frances bera, hiru alemaniar (gazte nafarraren bikotekidea eta horren bi lehengusu) eta Filipinetako gidari bat.

Sumendiaren kraterretik gertu hil ziren, hautsa, kea eta harriak zabaldu zituen eztanda freatiko baten ondorioz.

"Gidariaren gorpua jada jaitsi dute, eta beste lau biktimenak gaur berreskuratzea espero dugu", azaldu du Legazpiko (sumendia dagoen probintziako hiriburua) funtzionario batek, Duke Nuñesek.

Sara Frances Frankfurtera (Alemania) bizitzera joan zen duela zortzi urte, eta oporretan zegoen Filipinetan.

Erreskate taldeetako soldaduek atzo topatu zituzten gorpuak, eta horiek berreskuratzeko lanak hasi zituzten. Prozesua, baina, zaila da, hilotzak eremu malkartsu eta lainotu batean daudelako. Horregatik, helikopteroak ezin izan dira oraindik bertaratu.

Nuñesen hitzetan, Filipinetako eta Espainiaren Enbaxadako agintariak Legazpin daude, gorpuak noiz iritsiko zain. Bertan, autopsiak egingo dituzte, heriotzen kausa zehatzak argitzeko.

Filipinetako Atzerri Ministerioak egingo ditu biktimak aberriratzeko izapideak.

SUMENDI ARRISKUTSUA

Mayon sumendia Luzon uhartean dago, Manilatik 360 kilometro hego-ekialdera, eta turistek gehien bisitatzen duten lekuetako bat da, paisaiak paregabeak direlako.

Dakitenez, guztira 45 erupzio izan ditu. Larriena 1814. urtean jazo zen: 1.200 pertsona hil ziren, eta Cagsawa herria errautsen azpian geratu zen ("Filipinetako Ponpeia" izenarekin ezaguna da harrezkero).

Filipinetako Bolkanologia eta Sismologia Institutuak (Phivolcs) Mayon sumendia arriskutsua dela ohartarazi du, eta sei kilometrora ez hurbiltzeko deia egin du. Abisu hori herrialdean bizirik dauden gainerako sumendietara ere zabaldu dute: Pinatubo, Sorsogon, Kanlaon eta Camiguin.

Erupzio alerta 'zero' mailan dago, hots, ez dago erupzio arriskurik, baina eztanda freatikoak edozein unetan gerta daitezke.

Lur-azpian magma eta ura nahasten direnean edo harkaitzek magma-kanal bat oztopatzen dutenean gertatzen dira lurrun, errauts eta harri eztandak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Hondamendi naturalak albisteak Albisteak Azkoien albisteak Erupzioa izan duten sumendiak Hondamendi naturalek kaltetutakoak