Gizartea -

Igandean egin behar zuten

Bertan behera utzi dute euskal eskola publikoaren jaia Iruñean

Eguraldi iragarpenaren arabera, euri jasa handiak espero dira asteburuan zehar, eta, ondorioz, bertan behera utzi dituzte igandeko ekitaldiak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igande honetan Iruñeko Taconera parkean egin behar zuten euskal eskola publiko berriaren jaia bertan behera uztea erabaki du Sortzen elkarteak.

Erakundeak ohar batean jakitera eman duenez, ostiraletik aurrera iragarri dituzten euriteen ondorioz utzi dute festa bertan behera, egun horretan eguraldi txarrak eragin ditzakeen arazoengatik eta baita aurretik festa antolatzeko egon daitezkeen arazoengatik ere.

Euskal eskola publiko berriaren alde lanean diharduen elkartea da Sortzen, eta, zeregin horren baitan, eskola publikoa aldarrikatzeko jaia antolatu du 18 urtez.

Egoera ekonomiko larria

Elkarteak ohar horretan azaldu duenez, joan den urtean egin behar izan zituzten ahaleginek ''kinka larrian'' utzi zuten elkartea. Aurrekontu arazo hori dela-eta, aurten festa karparik eta estalkirik gabe antolatu behar zuten, eta, beraz, euri iragarpenak ikusita, aldez aurretik bertan behera uztea erabaki dute.

''Gure elkartea ekonomikoki itota dagoenez, ez dugu aurrekontu eta inbertsio handiei aurre egiteko dirurik, eta, beraz, ez dugu Taconera bezalako espazio zabala egun euritsu baterako egokitzeko aukerarik'', azaldu dute ohar horretan.

Txantxu Rock musika jaialdia ere, bertan behera

Igandeko ekitaldiez gain, larunbaterako antolatutako Txantxu Rock musika jaialdia ere bertan behar utzi behar izan dute antolatzaileek.

''Lanean eman ditugun hilabete luzeen ostean, hainbat traba izan ditugu larunbatean Txantrean burutu nahi genituen kontzertuak aurrera eramateko. Azken momentuan araudi berriak ezarritako baldintzak oso zorrotzak izan dira. Ebakuazio plana eskatzen zuten bezala betetzeko, arkitektu baten proiektua eta diru inbertsio handia eskatzen zuen. Horri aurre egitea ezinezkoa da gurea bezalako elkarte txiki batentzat. Horregatik, eta gure nahiaren kontra, Txantxu Rock musika jaialdia bertan behera utzi behar izan dugu'', azaldu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Eskola Publikoa albisteak