Gizartea -
Ezbeharrak Araban
Ekaitzak 12 zauritu utzi ditu bi istriputan, Gasteizen eta Kuartangon
Bi ezbeharrak 15:30 aldera gertatu dira. A-1 autobiako istripuan bederatzi ibilgailuk talka egin dute, eta AP-68 autobideko istripuan sei autok talka egin dute.
Erredakzioa
12 pertsona zauritu dira arratsaldean, bi istriputan. Txingorrak ezbeharra eragin du A-1 autobian, Gasteizen, eta ekaitzak beste istripu bat eragin du AP-68 autobidean, Kuartangon.
Bi ezbeharrak 15:30 aldera gertatu dira. Gasteizko istripuan bederatzi ibilgailuk talka egin dute Irungo noranzkoan.
Bi furgonetek eta zazpi autok talka egin dute ezbeharrean. Zazpi pertsona zauritu dira, eta horietako bost ospitalera eraman behar izan dituzte. Suhiltzaileek biktima bat atera behar izan dute, harrapatuta baitzegoen.
Irungo noranzkoan zirkulazioa eten behar izan dute, eta Ertzaintzak bigarren mailako errepide batetik desbideratu du, kartzela berritik, hain zuzen ere. Hala ere, auto-ilarak izan dira.
Kuartango
Kuartangoko ezbeharra AP-68 autobidean jazo da, Zaragozako noranzkoan. Sei autok talka egin dute.
Bost pertsona zauritu dira, eta horietako bat suhiltzaileek erreskatatu behar izan dute. Osakidetzako helikoptero batek eta anbulantziek zaurituak ospitalera eraman dituzte. Errei bat itxi behar izan dute eta auto-ilarak osatu dira.
18:00etan, A-1 autobiak normaltasuna berreskuratu du, eta AP-68 autobideko errei batek itxita jarraitzen zuen, baina dagoeneko auto-ilararik ez dago.