Gizartea -
Gertakaria
Irunen gizon bat harrapatu eta hil zuen kamioi-gidaria atzeman dute
Albaceteko enpresa baten kamioi-gidaria da eta arduragabekeriazko homizidioagatik inputatu dute. Gizona harrapatu eta ihes egin zuen kamioi-gidariak.
Erredakzioa
Maiatzaren 2an Irunen gizonezko bat harrapatu eta hil zuen kamioi-gidaria identifikatu dute.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, ustez gizona harrapatu zuen kamioia Albaceteko enpresa batena da, eta gidaria, gizona harrapatu ondoren ihes egin zuena, inputatu egin dute arduragabekeriazko homizidioa leporatuta.
Maiatzaren 2ko goizaldean izan zen harrapaketa. Kamioi batek Frantzian bizi zen herritar brasildar bat harrapatu eta hil zuen.
Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen orduan, izan ere, hildakoak ez zuen dokumentaziorik soinean, eta istripua eragin zuen ibilgailua ere ez baitzen inon ageri.
Ikerketan parte hartu dute, era berean, Hendaiako Poliziak, Donostiako Medikuntza Legaleko Zerbitzuak, Ertzaintzaren Polizia Zientifikoak eta Brasilgo eta Portugalgo kontsulatuek.
Istripua gertatu zen lekuan aurkitutako arrastoen bitartez, ibilgailua Mercedes etxeko kamioia zela eta Espainiako estatuan 2012ko urtarriletik aurrera saldu zela jakin zuten.
Aldi berean, Ertzaintzak autopistako irudiak gainbegiratu zituen eta kamioia Caudeteko (Albacete) enpresa batena zela susmatu zuen.
Hori horrela, Ertzaintza Guardia Zibilarekin jarri zen harremanetan, eta ibilgailua eta gidaria identifikatu ahal izan zituzten.
Ikerketak irekita jarraitzen du, harrapaketa nola gertatu zen argitzeko.