Gizartea -

Homofobiaren kontrako eguna

Suizidatzeko arrisku handia gazte homosexualen artean, jazarpenagatik

Arartekoaren iritziz, hezkuntza sistema egokitu egin behar da, homosexualen eskubideak errespetatuko dituen gizarte berri baten oinarriak ezartzeko.

Ezkontza homosexualen aldeko manifestazioa Parisen. Argazkia: EFE
Ezkontza homosexualen aldeko manifestazioa Parisen.
Ezkontza homosexualen aldeko manifestazioa Parisen. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazte homosexualek beren orientazio sexualagatik jasaten duten indarkeriaren edo jazarpenaren ondorioz, suizidatzeko arriskua handiagoa da, Gehitu eta Errespetatuz erakundeek Arartekoari helarazitako txostenaren arabera.

Dokumentu horren datuak aintzat hartuta, Iñigo Lamarca Arartekoak esan du ezinbestekoa dela hezkuntza sistemaren baitan ematen diren aurreiritzi homofoboei aurre egin ahal izateko neurriak hartzea.

Homofobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Arartekoak nabarmendu du homosexualen oinarrizko eskubideak errespetatuko dituen gizarte berri bat eraikitzeko oinarriak ezarri behar direla eta horretarako hezkuntza sistema egokitu egin behar dela.

Arartekoak 2009an egin zuen ikerketaren arabera, orduan Euskal Autonomia Erkidegoko ikasleen % 15ek homosexualak ziren umeak edo nerabeak baztertu egiten zituzten.

Horrenbestez, "jazarritako umeek ez dituzte euren oinarrizko eskubideak bermatuta", erantsi du Arartekoak.

 

Homosexualen % 26k jazarpena edo biolentzia pairatzen dute Europan

Azken bost urteetan, gay, lesbiana, transexual, eta bisexual komunitateko kideen % 26k "erasoak edota mehatxuak jasan dituzte" Europar Batasunean.

Oinarrizko Eskubideen Europako Agentziak Europar Batasunean eta Kroazian egindako inkestaren emaitzak kaleratu ditu gaur.

Apirila eta ekaina artean egin zuten inkesta, eta Europar Batasuneko eta Kroaziako 18 urtetik gorako 93.000 lagunek hartu zuten parte. Beren sexu-joera dela-eta, inoiz kolpatuak edota irainduak izan diren galdetu diete inkestan parte hartu dutenei.

Herenak onartu du inoiz diskriminatuta sentitu izan dela, eremu hauetakoren batean: hezkuntzan, lanean, toki publikoetan eta osasun alorrean.

Hirutik bik bere sexu-joera ezkutatu izan dute eskolan, eta horien erdia baino gehiago irainen edo jarrera negatiboen biktima izan da. "% 80k irainak edota iritzi negatiboak entzun behar izan ditu hezkuntza eremuan, eta ez dago ezberdintasun nabarmenik herrialdeen artean", adierazi du Dennis van der Veuer Oinarrizko Eskubideen Europako Agentziako bozeramaileetako batek.

Lantokian edota enplegua bilatzerako garaian, diskriminazioa pairatu dutela adierazi du 5etik 1ek.

Oinarrizko Eskubideen Europako Agentziak salatu duenez, gay, lesbiana, homosexual eta transexual asko, kalean bikotekidearekin eskutik helduta ibiltzeko beldur dira.

Bestalde, gehienen ustez, ez luke ezertarako balioko gehiegikeria horiek Poliziaren aurrean salatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea