Mundua -
Frantziako Parlamentua
Homosexualen arteko ezkontzak onartu dituzte Frantzian
Kontseilu Konstituzionalaren aurrean testuari helegitea jarriko diola iragarri du eskuinak. Legea indarrean sartu baino lehen hartu beharko du erabakia Konstituzionalak, datozen asteetan.
Erredakzioa
Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak behin betiko legeztatu dituzte gaur Frantziako diputatuek. Ezkerreko diputatuek aldeko botoa eman dute, eta oposizio kontserbadoreak kontrako botoa eman du.
Kontseilu Konstituzionalaren aurrean testuari helegitea jarriko diola iragarri du eskuinak. Legea indarrean sartu baino lehen erabaki beharko du Konstituzionalak, datozen asteetan, laster hasiko baitira araua ezartzen.
Testuak aldeko 331 boto jaso ditu, aurreneko irakurketan baino bi gehiago. Aitzitik, 225 diputatuk eman dute kontrako botoa, lehen bozketan baino lau gutxiagok.
Bozketa baino lehen, Claude Bartolone Asanblada Nazionaleko presidenteak gonbidatuen tribuna husteko agindua eman du, legearen aurkakoek oihu egin baitute. Bartoloneren hitzetan, "demokraziaren etsaiek ez dute zereginik Parlamentuan".
Erabakia hartu bezain laster, eskuineko diputatuek Ganbera utzi dute. Ezkerreko diputatuek, ostera, txalo eta "Berdintasuna!" oihukatu dute.
"Aurrerapauso historikoaren" aurrean "hunkituta" agertu da Christian Taubira Justizia ministroa.
Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza legez onartu duen hamalaugarren estatua da Frantzia.
140 orduz eztabaidatu dute diputatuek gaia, eta tentsio handia izan da Ganberaren barrualdean zein kanpoaldean. Homosexualen arteko ezkontzen kontrakoek hainbat protesta egin dituzte.