Gizartea -
Osasuna
Eurovegas, Tabakorik Gabeko Egunaren amesgaiztoa
Espainiako Gobernua Eurovegasen erretzen uztea aztertzen ari da, eta medikuek gogor kritikatu dute hori.
Erredakzioa
Tabakorik Gabeko Nazioarteko Eguna da gaur, eta medikuek eta gizarte mugimenduek tabakoaren aurkako legearen balizko erreforma dute jomugan. Izan ere, Sheldon Adelson enpresaburu estatubatuarrak Eurovegasen erre ahal izatea eskatu du, eta Espainiako Gobernua eskakizuna aztertzen ari da. Orain, legeak leku publiko itxi guztien erretzea debekatzen du.
Aste honetan, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea Adelsonekin batzartu da, eta oraindik erabakia hartuta ez dagoela esan du. Osasun Ministerioak ezeztatu egin du legea erreformatzea agendan dutela, baina Madrilgo Gobernuak Eurovegasen erretzen uztearen alde egin du behin eta berriro.
Pneumologiaren Elkarte Espainiarretik (SEPAR) ohartarazi dutenez, legea aldatzea kaltegarria izan liteke osasunarentzat. "Egungo legea osasun publikoaren aldeko mugarrietako bat izan da", esan du Carlos Jimenez elkarte horretako doktoreak.
Lega duela bi urte indarrean sartu zenetik, 800.000-1.200.000 pertsonak utzi dute tabakoa, Tabakismoa Prebenitzeko Batzorde Nazionalaren (CNPT) arabera.
"Herritar gehienek babestu egiten dute legea, eta erretzaileek bete egiten dute, eta orain gizon bat etorri da Las Vegastik aldatzea eskatzen", deitoratu du Francisco Camarelles medikuak.
Eta, eztabaidak eztabaida, adituek mezu argi bat utzi nahi izan dute Tabakorik Gabeko Nazioarteko Egunean: "tabakoa uztea posible da".