Gizartea -
Senarraren abusuen aurka
Emakume batek eta haren alabek beren buruari su eman diote Indian
38 urteko amak eta 2, 5, 7, 10 eta 12 urteko alabek beren buruari su eman diote eta hil egin dira, emakumearen senarrak "semerik ez izateagatik" tratu txarrak ematen zizkielako.
Erredakzioa
Emakume batek eta haren bost alabek beren buruari su eman diote eta hil egin dira, emakumearen senarrak "semerik ez izateagatik" tratu txarrak ematen zizkielako, Uttar Pradesh India iparraldeko estatuan, Poliziak azaldu duenaren arabera.
Param Hare Yadav inspektoreak azaldu duenez, 38 urteko amak eta 2, 5, 7, 10 eta 12 urteko alabek beren buruari su eman diote senarrak tratu txarrak ematen zizkielako.
IANS agentziaren arabera, gertakaria izan den egunean bertan, emakumeak jipoi "izugarria" jaso du eta bere buruaz beste egitea erabaki du. Bizilagunak sua itzaltzen saiatu dira, baina ez dute lortu.
Hildako emakumearen nebak salaketa jarri du, eta Poliziak senarra atxilotu du.
Indiako familiek nahiago izaten dituzte semeak alabak baino, arrazoi kulturalak eta ekonomikoak direla eta. Horregatik, neska datorrela dakiten amek abortuak egiten dituzte, eta emakumezkoak baldintza okerragoetan elikatzen eta hezten dituzte. 2011ko erroldan, 0 eta 6 urte bitartekoetan 7,1 milioi neska gutxiago zeudela jaso zuten. Guztira, 940 emakume daude Indian 1.000 gizoneko, 1.200 milioi biztanleko herrialde batean.