Gizartea -
Neurologia eta etxez etxekoa
Gernika-Lumoko Ospitaleak zerbitzuak gehitu ditu
Osasun-zentroaren zerbitzu berriekin urtero Galdakaoko Ospitalera 60.000 joan-etorri saihestea espero dute.
Erredakzioa
Gernika-Lumoko Ospitaleak (Bizkaia) neurologia eta etxez etxeko ospitaleratze zerbitzuak jarri ditu martxan, eta proba oftalmologikoak eta erradiodiagnostikoak ere egiten hasi dira bertan. Gehikuntza horien ostean, urgentziazko zerbitzuak abiatuko dituzte urritik aurrera, eta ebakuntza-gelak 2014ko hasieran zabalduko dituzte.
Iñigo Urkullu lehendakariak instalazioak bisitatu ditu, eta, horrekin batera, Jon Darpon Osasun sailburua, Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusia eta eskualdeko hainbat alkate eta parlamentari egon dira. Urkulluk osasun arreta egokia emateko premia nabarmendu du, eta "bizitzan ohitura osasuntsuak" hartzeko gonbita egin die herritarrei.
Gernika-Lumoko Ospitalean 40 milioi euro inbertitu dituzte, eta urtero Galdakaoko Ospitalera 60.000 joan-etorri inguru saihestuko dituztela uste dute. Izan ere, osasun zentro horrek Busturialdeko eta Lea-Artibaiko 56.000 biztanle artatuko ditu.
2012tik dago irekita, eta Galdakaoko Ospitalearen menpekoa da Gernikakoa. Gehikuntzen lehenengo fase honetan, neurologia, etxez etxeko ospitaleratzeak, erradiodiagnostikoak (TAC eta mamografiak) eta oftalmologia zerbitzuak hartu ditu Gernikako Ospitaleak, eta beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen ditu, besteak beste, hauek: psikiatria, errehabilitazioa eta Zaintza Intentsiboko Unitate mugikorren basea.
Gaur egun, kontsultetan txandaka aritzen diren osasun langileez eta anbulatorioetatik lekualdatu dituztenez gain, zentroak 25 profesional ditu. Bigarren fase batean, berriz, 57 pertsona gehiago izango ditu.
ELA, LAB, CCOO, ESK eta UGT sindikatuetako kideak ospitalearen sarreran kontzentrazioa egin dute "benetako ospitale bat" eskatzeko.
Horren harira, Osasun sailburuak gogora ekarri du bihar hauteskunde sindikalak egingo dituztela Osakidetzan, eta, "garai oso zailak izan arren", osasun arloko langileen soldatak mantendu eta 1.592 orduko lanaldiak ezarri dituztela nabarmendu du.