Gizartea -
Batzar Nagusietan
Bermeoko sutearen kaltedunei laguntzeko neurri fiskalak onartu dituzte
Kaltedunek ez dute Ondasun Higiezinen gaineko Zerga eta Ekonomia Jardueren gaineko Zerga ordaindu beharko 2013an. Halaber, Ogasunarekin zorrak dituztenek horiek atzeratu ahal izango dituzte.
Erredakzioa
Bizkaiko Batzar Nagusietan, Bermeoko sutearen kaltedunei laguntzeko neurri fiskalak onartu dituzte gaur. Ohiko osoko bilkuran hartu dute erabakia, aho batez. Hori dela eta, kaltedunek ez dute Ondasun Higiezinen gaineko Zerga eta Ekonomia Jardueren gaineko Zerga ordaindu beharko 2013an. Halaber, Ogasunarekin zorrak dituzten kaltedunek, horiek atzeratu ahal izango dituzte.
Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun eta Finantza diputatuak azaldu duenez, dekretuaren helburua Bermeoko sutearen kaltedunei normaltasunera itzultzen laguntzea da. Apirileko sutearen ondorioz, hiru eraikin behera erori ziren, beste 8 kaltetu ziren, eta 35 familia etxerik gabe gelditu ziren.
Dekretu horri esker, kaltedunek aurten ez dute Ondasun Higiezinen gaineko Zerga ordaindu beharko. Hala, kaltetutako aldean etxebizitza, lantegi, denda, garaje, lokal edota antzekoren bat dutenek onura fiskal horretaz baliatzeko aukera izango dute.
Bestalde, Ekonomia Jardueren gaineko Zerga ordaintzetik salbuetsita egongo dira sutearen eraginez euren lantegi, denda edo lokaletan kalteak jasan dituzten enpresariak eta ondasunak galdu dituztenak.
Halaber, Ogasunarekin zorrak dituztenek, horiek ordaintzeko epea dekretua indarrean sartu eta 2013ko abenduaren 31 artean amaitzen den kasuetan, horiek 2014ko ekainaren 25era arte atzeratu ahalko dituzte; gainera, ez dute atzerapenagatik interes gehiago ordaindu beharko. Atzerapenak agindu foral bitartez emango dira, eta kalteen zenbatekoa eta negozioa itxita edukitzeagatik galdutako dirua hartuko da kontuan.
Jarduera ekonomikoak dituzten kaltedunek ez dute autolikidazioa egin eta Bizkaiko Ogasunari 2013ari dagokion zenbatekoa ordaindu beharrik izango.
Zeinuak, indizeak eta moduluak murriztu egingo dira Balio Erantsiaren gaineko Zergan (BEZa) eta Pertsona Fisikoen gaineko Zergan.