Gizartea -
Sute larria
Bermeoko kaltedunek 'malgutasunez' ordaindu ahal izango dituzte zergak
Eusko Jaurlaritzak 125.000 euroko diru laguntza emango du sutean kalteak jasan zituzten familiei laguntzeko.
Erredakzioa
Bizkaiko Ogasunak zergak kobratzeko epeetan "malgutasunez" jokatuko duela adierazi die joan den ostegunean Bermeoko sutean kalteak jasan zituzten familiei.
Unai Rementeria Foru Aldundiko Presidentetza diputatu eta bozeramaileak adierazi duenez, kaltedunek Ogasunari egin beharreko ordainketen epeak "leuntzen eta malgutzen" ahaleginduko da Aldundia, bai Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarekin (PFEZ) baita udal zergekin ere.
10 etxebizitza prest
Sutean kalteak jasan zituzten 35 familietatik 10ek jada gaurtik foru Aldundiaren etxeak prest dituzte.
10 etxebizitza prest daude jada, hau da, argia, ura, gasa eta altzariak jarrita daude. Gainerako etxebizitzak hornitzen ari dira eta datozen egunetan prest egongo dira.
Logela bakarrekoak, bikoak eta hirukoak dira Bizkaiko Aldundiak kaltedunen esku jarri dituen etxebizitzak. Lehen sei hilabeteetan dohainik izango dira, hau da, kaltedunek energiaren eta uraren gastuak soilik ordaindu beharko dituzte.
Epe hori amaitutakoan, Aldundiak banan banan aztertuko du kaltedunen egoera eta etxebizitza horietan nola jarraitu dezaketen aztertuko du.
Eusko Jaurlaritzaren laguntza
Eusko Jaurlaritzak 125.000 euroko diru laguntza bideratzea erabaki du Bermeoko gune historikoan izandako sute larrian kaltetutako familiei laguntzeko.
Juan María Aburto Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte sailburuak Gobernu Kontseiluaren ostean emandako prentsaurrekoan adierazi duenez, Bermeoko Udala arduratuko da diru laguntza banatzeaz, familia bakoitzak dituen premien araberako kopurua jaso dezan.
Premiazko laguntza, premiazko ondasunetarako bideratuko dela zehaztu dute; alegia, arropa, etxeko tresnak, maletak eta etxetresna elektriko txikiak erosteko.
Bermeoko Udala sutearen ondorioz etxea galdu duten herritarrekin bilduko da bihar.
Exebizitzak galdu dituzten bizilagunei hipotekak ez kobratzeko eskatu die banketxeei Idurre Bideguren Bermeoko alkateak aste honetan.