Gizartea -
Etxeko lapurretak saihestu
Bilbon lapurretak areagotu dira aldamioak dituzten etxebizitzetan
Ertzaintzak lapurretak areagotu direla ohartarazi du, fatxadetan aldamioak dituzten etxebizitzetan bereziki, eta horiek saihesteko gomendioak eman ditu.
Erredakzioa
Azken hilabeteotan Bilboko etxebizitzetan, fatxadetan aldamioak dituzten eraikinetan bereziki, lapurretak areagotu egin direla ohartarazi du Ertzaintzak.
Ertzaintzaren esanetan, lapurrek aldamioak erabiltzen dituzte etxebizitzetara sartzeko eta horietan dagoen baliozko guztia hartzeko. Hori dela eta, aldamioen ondoan dauden leihoak eta pertsianak ixteko gomendioa egin du. Horretaz gain, baliozko objektu guztiak agerian ez uzteko gomendatu du.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak aldamioak dituzten etxebizitzen inguruan zainketa-lanak "areagotzea" agindu du. Horrekin batera, pisu horien jabeek "eskura dituzten neurri guztiak erabiltzea" eskatu du, lapurretak ahalik eta gehien murrizteko.
Horretarako, Ertzaintzak honako gomendioak egin ditu: etxebizitzako sarrerako atea giltzaz itxi beti; pisuan norbait bizi dela sinetsarazi, pertsianak igo eta jaitsiz edota arropa eskegiz; eta, inor ez badago, gutunak hartzeko eskatu norbaiti.
Lapurreta izanez gero, berriz, 112 telefono zenbakira deitzeko eta ertzainak bertaratu arte ezer ez ukitzeko aholkatu du.