Gizartea -
Entzierroaren kronika
Emozioa eta abiadura bosgarren entzierroan
Ibilbidearen azken zatian zezen bat atzean geratu da eta arrisku egoera ugari eragin ditu. Entzierroak 2 minutu eta 47 segundoko iraupena izan du.
Erredakzioa
Emozioz betetako entzierro azkarra eta garbia izan da gaurkoa. Ibilbidea 2 minutu eta 47 segundotan egin dute. Entzierroaren azken zatian atzean geratu den zezen batek eragin ditu egoera arriskutsuenak.
08:00etan atera dira Torrestrella ganadutegiko zezenak (Cadiz) Santo Domingoko ukuiluetatik. Hasiera batean zezenak ezker-eskuin joan dira korrikalarien atzetik, baina ez dute arrisku handirik sortu, eta batuta eta azkar iritsi dira Udaletxeko plazara.
Mercaderes kalean, berriz, zezen batek ibilbidearen eskuinaldean zegoen lasterkari bat aurretik eraman du, baina ez du adarkatu.
Estafetan barrena joan direnean zezenak ilaran jarri dira, buruan hiru joaldun eta zezen bat zirela. Korrikalariek egoera hori baliatu dute zezenen alboan lasterka egin ahal izateko.
Ibilbidearen azken zatian zezen bat atzean geratu da, eta zenbait aldiz buelta eman du. Gaurko entzierroko egoerarik arriskutsuena izan da, inor adarkatu ez badu ere.
Kostata, baina azkenean zezen plazan sartu da eta handik ukuiluetara joan da.