Gizartea -

Osasun sistema publikoa

'Emakume antzua' izatea ezinbestekoa, laguntza bidezko ugalketarako

''Gizonezko falta ez da arazo medikoa'', esan du Matok, emakumezkoen ugalkortasun tratamenduen harira. Darponek iragarri duenez, Euskadik orain arte bezala eutsiko di tratamenduei.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

''Emakume antzua'' izatea nahitaezko baldintza izango da osasun sistema publikoan laguntza bidezko ugalketarako tratamenduak jasotzeko. Hala onartu dute astearte honetan erkidegoetako osasun arduradunek Ana Mato Osasun sailburuarekin Madrilen egin duten bileran.

Baldintza horrek hainbat erkidegoren ezezkoa jaso du, Andaluzia, Euskadi, Kanariak eta Asturias, besteak beste, kontra agertu baitira. Homosexualen elkarteen kritikak ere jaso ditu neurriak, horiek salatu dutenez baldintzak osasun publikoaren finantzaketatik at uzten baititu lesbianak eta bikoterik gabeko emakumeak.

Osasun Ministerioaren arduradunek eta erkidegoetako ordezkariek Osasun Sistema Nazionalaren oinarrizko kartera berria adostu dute gaur, eta, besteak beste, laguntza bidezko ugalketarako irizpideak zehaztu dituzte. Hala, ''arrazoi teraupeutikoengatik eta prebentziozko arrazoiengatik''ordainduko ditu osasun publikoak tratamenduok.

''Ume bat izateko orduan mediku batek aintzat hartutako arazorik duen edozein emakumek laguntza bidezko ugalketaz baliatzeko laguntza publikoa izango du'', adierazi du Matok.

Pazientea antzutasun diagnostikoan sartu ala ez erabakitzeko orduan medikuak zein irizpide kontuan hartuko duen galdetuta, Matok erantzun du gizonezko falta ez dela arazo medikoa.

Gehienezko adina: 40 urte

Halaber, adin muga ere ezarri dute gaurko bileran: 40 urte baino gehiago ez izatea, emakumeen kasuan; eta 55 urte baino gazteagoa izatea, gizonezkoen kasuan.

Euskadik orain arte bezala eutsiko die tratamenduei

Bilerara sartu aurretik, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak aurreratu du ''orain arte bezala'' eutsiko diela tratamenduei Osakidetzak.

Bilera bukatuta, Andaluziako kontseilariak berretsi du Euskadik, Kanariak, Asturiasek eta Andaluziak berak orain arteko irizpideei eutsiko dietela osasun publikoan ugalketa tratamenduak eskaintzeko orduan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea