Gizartea -
Iragarpena
Euria izango da nagusi ostiralera arte
Eguraldi ezegonkorra eta nahasia izango da ostiralera arte. Arratsaldean hodeiak ugaritzen joango dira, eta euri gehiago egingo du. Zenbait lekutan zaparrada handiak eta txingorra bota dezake.
Eguraldia
Asteazken honetan eguraldi ezegonkorra eta nahasia izango da nagusi, Euskalmet euskal meteorologia agentziaren arabera. Goiza nahiko lasaia izango da; iparraldean hodei ugari izango dira eta euri ixka bat egingo du. Eguerditik aurrera hodeiak ugaritzen joango dira, eta euritara joko du. Zenbait lekutan zaparrada handiak eta txingorra bota dezake, eta ekaitz guneetan haize-bolada zakarrak izan daitezke. Tenperaturak beherako bideari eutsiko dio, eta gaur altuenak nekez pasatuko dira 20 edo 22 ºC-tik.
Ostegunean, Kantauri isurialdean eguerditik aurrera atertu eta garbitzera egingo du. Gainontzeko tokietan goizean goiz hodei hondar batzuk agertuko dira, baina ordurik gehienetan eguzkitsu egongo da. Egunsentian aurreko egunetan baino freskoago egingo du, baina egunez tenperaturak gora egingo du. Halaber, ipar-mendebaldeko haizea nagusituko da.
Ostiralean, uda giroan murgilduko gara poliki-poliki. Hegoaldean zerua garbi egongo da. Iparraldean hodei hondar batzuk izango ditugu goizean, baina ez dute euririk utziko, eta arratsaldean desegin egingo dira. Tenperatura goxoak izango ditugu iparraldean, altuenak 25-26 ºC ingurukoak izango dira. Hegoaldean bero egingo du, altuenak 30 ºCan egongo dira.