Gizartea -
Tragedia Donostian
Barrakak Pasealeku Berrian mantentzea erabaki du Udalak
Udalak suhiltzaileen txostena aztertu eta gero hartu du erabakia. Orain sarrera bakarra portuko eskaileretan egongo da, Aquariumaren alboan.
Erredakzioa
Mikel Arzak gaztea hil zuen lur-jausia gertatu ostean, Pasealeku berria itxita mantentzea erabaki du Donostiako Udalak. Mendi hegalaren finkatze lanak bukatu bitartean zona ixtea erabaki du Bilduko Gobernuak. Hala ere, Aste Nagusiko barrakak zabalik geratuko den zatian jartzea adostu dute.
Udalak suhiltzaileen txostena aztertu eta gero hartu du erabakia. Larrialdi ibilgailuek barraketara sartzeko arazorik ez zutela izango baieztatu behar zuen txostenak; izan ere, zonak orain sarrera bakarra portuko eskaileretatik izango du, Aquariumaren alboan.
Igotzeko eta jaisteko zonak prestatuko dituzte pilaketak saihesteko, Udalak agiri batean jakitera eman duenez.
Horrela, Pasealeku Berrira larrialdi ibilgailuak eta barraketako arduradunak soilik sartu ahal izango dira. Barraketako jabeek "une konkretuak" izango dituzte sartzeko, eta laster zehaztuko dira. Hala ere, Udaltzaingoaren aurrean identifikatu beharko dira.
Lanak
Obrak amaitu bitartean Gipuzkoako Argazkilaritza Elkarteko sarrera itxita egongo da. Lanak uztailaren 8an hasi ziren eta hilabete eta erdi beharko dute bukatzeko, alkateak azaldu duenez.
100 metroko luzeran eta 55 metroko altueran lanean ari direla azaldu du Udalak.
Hasieran buloiekin kable mintzak eta hormigoizko ziriak jarri zituzten ezpondan, lur-jausi txikiak eta blokeak erortzea saihesteko.
Bestalde, 20 urteko Mikel Arzak hil zuen lur-jausiaren arrazoiak argitzeko lanean jarraitzen dutela azaldu du Udaleko Gobernuak.
Hileta ostiral honetan egingo dute, Intxaurrondo auzoko elizan, arratsaldeko 19:00etan.