Gizartea -
Ezbeharra Donostian
Izagirre: 'Hesiak oinezkoen sarrera saihestea zuen helburu'
Donostiako alkateak azpimarratu duenez, Mikel Arzak gaztearen heriotza "ezbeharra izan da". "Hesia ez zegoen harrien erorketa saihesteko, oinezkoak bertatik ez ibiltzeko baizik", esan du.
Erredakzioa
Harri batek harrapatuta, joan den asteazkenean Donostiako Pasealeku Berrian izandako Mikel Arzak 20 urteko gaztearen heriotza "ezbeharra" izan zela ondorioztatu du Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak. 'El Dilema' ETBko saioan egindako elkarrizketan alkateak elkartasun osoa adierazi die familiari eta senitartekoei, "jazotakoa tragedia handia izan da".
"Gertatu bezain laster, jazotakoa argitzeko txostenak eskatu genituen eta, aldi berean, ikerketa judiziala hasi zen", adierazi du Izagirrek, "txostenen arabera, luizi batek eragin du ezbeharra, ez obrek". "Izan ere, luizi hauek ekiditeko asmoa dute obra horiek", azaldu du.
Hesiari dagokionez Izagirrek esan duenez, "jendea bertatik ez igarotzeko jarri genuen, beharrezkoak ziren segurtasun neurriak jada zeudelako". "Hesia ez zegoen harrien erorketa saihesteko, oinezkoak bertatik ez ibiltzeko baizik", nabarmendu du.
Halaber, oraingoz Pasealeku Berria itxita mantenduko dutela iragarri du alkateak. "Segurtasun neurririk onena obrak amaitzea izango da", aurreratu du.
Euriteen ondorioz
Halaber, Donostiako Udalak ostiral honetan jakitera eman duenez, lehenengo txostenen arabera, Mikel Arzak gazteari bizia kendu zion Urgul mendiko harri-jausia "aurreko egunetako eurite indartsuek eragin zuten".
Azaldu duenez, ikerketen arabera, Pasealeku Berriko mendiko harri-jausia ez zuen eragin jausiak ekiditeko egiten ari diren lanak. Euroestudios enpresak egindako azken txosten geoteknikoaren arabera, harriak azken egunetan izandako eurite indartsuengatik erori ziren.