Gizartea -

EITB.COM-eko erreportajea

30 urte, Euskal Herria ito zela

Uholdeen egunean, metro karratuko 600 litro egin zituen, eta ez zen denbora asko behar izan ehunka herri urpean geratzeko.

1983ko uholdeek kalte ugari sortu zituzten Euskal Herri osoan. Argazkia: 1983 Euskadi urperatuta.
1983ko uholdeek kalte ugari sortu zituzten Euskal Herri osoan. Argazkia: 1983 Euskadi urperatuta.
30 urte, 1983.eko uholdetatik

1:23

I. Rincon | EITB.COM

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1983ko abuztuaren 26an Euskal Herriko ehunka herri hondamen-eremutzat jo zituzten, etengabeko euriteek eta horiek eragindako uholdeek dena hondatu ostean.

30 urte igaro dira, eta dozenaka hildako (Eusko Jaurlaritzak ez ditu hildakoen kopuruaren inguruko datu ofizialik eman, baina, garaiko prentsak agertu duenez, horien kopurua 34 eta 43ren artekoa izan zen Euskal Herria osoan), 5 desagertu eta 200.000 milioi pezetako (1.200 milioi euro) kalte materialak utzi zituen ezbeharra gogoan dute oraindik askok.

Etenik gabeko euriteek astebete iraun zuten, eta lehenengo uholdeak Gipuzkoan izan ziren. Hala ere, urak ez zuen denbora asko behar izan Araba, Nafarroa eta Bizkaia itotzeko. Azken hori izan zen uholdeek gogorren zigortu zuten lurraldea.

NATURAREN INDARRA

Itsasgora euriteekin batu zenean, Ibaizabalen arroak ez zuen askorik behar izan gainezka egiteko, eta Bizkaiko hainbat puntutan bost metroko altuera hartu zuen.

Bilbo Aste Nagusiko festa-giroan murgilduta zegoen, nahiz eta urte horretan euriak ez zuen etenik izan aste osoan zehar. Hala, bertan parrandan zeudenek bertatik bertara ikusi zuten ura Zazpikaleetako lehenengo pisuetara ailegatzen, eta aurrean topatzen zuen guztia eramaten: zuhaitzak, kotxeak eta inguruko herrietako baserrietako abereak, besteak beste.

Erriberako merkatuak ere jasan zuen uraren indar suntsitzailea, eta, egun batetik bestera, txikituta geratu zen. Jai-eremuko txosnek ere zorte bera izan zuten, eta hondakin asko pilatu ziren bertan; Marijaiak ere Areatzako kioskoan bukatu zuen, urak eramanda.

uholdeak 83, inundaciones 83, 1983 Euskadi Urpean

(Bilboko Aste Nagusiko txosnak burdina nahaspila bat izaten bukatu zuten. Argazkia: 1983 Euskadi urperatuta)

Zazpikaleekin batera, Abusu auzoa izan zen Bizkaiko hiriburuko gunerik hondatuenetakoa. Lokatzak lurperatu egin zuen, eta uholdeek bi hildako utzi zituzten.

Uriarte familiak gogoan du oraindik uholdeak fabrikan ezustean harrapatu zituela. 1983 Euskadi urperatuta dokumentalean, Javier Uriartek esan duenez, ura eraikinean sartu eta bulegora igotzen hasi zenean, teilatuan babestu behar izan zuten. Bi anaiarekin, loba batekin eta bi lankiderekin egon zen bertan.

Jose Ramon Uriarteren emazteak, Maria Lourdes Intxaustik, oso gaizki pasatu zuen: "Noski, bertan senarra, ume txikia, bi koinatu eta jende gehiago zegoen. Gainera, momentu horietan txarrena pentsatzen duzu, eta galdu izan banitu ezingo nukeen inoiz gainditu".

Hala ere, onik irten ziren guztiak, gazte batzuei esker, bost metroko eskailera bat jarri baitzuten fabrika eta haren alboan zegoen zubi bat lotzeko.

HONDAMENDIA TOKI GUZTIETAN

Naturaren indarra kantabriar isurialde osoan nabaritu zen. Bermeo, Galdakao, Etxebarri eta Laudio izan ziren abuztuaren 26an eta 27an eroritako 1.500 milioi tona ur horiek kaltetutako beste herri batzuk. Bermeoren harira, desagertu egin zela ere esan zuten, baina, konexioak konpondutakoan, ez zela halakorik gertatu egiaztatu zuten. Uholdeek, baina, besteak beste, kasinoaren erdia eraitsi zuten.

Jon Elizondok kai ondoan zegoen eraikin horretako taberna zuzentzen zuen Miren arrebarekin batera, eta egun hartan bertan harrapatuta geratu ziren.

Jonen esanetan, sotoan sartu ziren babesteko, baina ura igotzen hasi zenean, toki altu batera igo behar izan zuten, eta, bertan, olatuen soinua entzuten hasi ziren. "Ondoren, itogin batetik buruan ur-tantak sumatu nituen, eta 'hemen goian ura dago', pentsatu nuen. 'Non gaude, baina?' galdetu nion orduan neure buruari".

Handik gutxira, uraren indarrak gainontzekoa egin zuen, eraikina bota zuen eta aske utzi zituen Jon eta Miren.

HERRIALDE BAT INKOMUNIKATUTA

Abuztuaren 26tik 27rako goizaldea lazgarria izan zen. Errepideak moztuta zeuden, eta Bizkaiko zati handi bat argindarrik eta telefonorik gabe egon zen.

uholdeak 83, inundaciones 83, 1983 Euskadi Urpean

(Ibaietako urek inguruko zonalde guztiak urperatu zituzten. Argazkia: 1983 Euskadi urperatuta)

Informazio falta kezkagarria izan zen. Inork ez zuen euren senideen berririk, eta horiekin komunikatzeko beharrak irratia komunikatzeko biderik onena bilakatu zuen.

Jendeak irratia erabili zuen oharrak emateko, senideak bilatzeko edota ur edangarria banatzen zuten kamioiak non egongo ziren esateko. Izan ere, hoditeriak ez zuen aguantatu eta eztanda egin zuen; ondorioz, hainbat herri ur-horniketa barik geratu ziren.

HERRIAREN ERANTZUNA

Gertakari larrienetan, gizakiak duen onena eta txarrena ematen duela esan ohi da, eta hala izan zen Bilbon. Egoera baliatuta, batzuk dendetan eta etxebizitzetan lapurtzen aritu ziren, baina herritar gehienek zuten guztia eman zuten laguntzeko.

Hala, ehunka boluntario kaltetutako inguruetara joan ziren erreskate eta garbiketa lanetan laguntzeko, suhiltzaileekin, poliziekin eta soldaduekin batera.

UHOLDEEN ARRISKUA EZ DA DESAGERTU

Adituen ustez, duela 30 urte jazotakoa gerta liteke berriro. Margarita Marin meteorologoaren arabera, ez dago ezer egiterik euri-jasa hari eusteko.

Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuordearen esanetan, baina, "gaur egun uholde bat egongo dela aurreikusiko genuke, prebentzio-sistema bat jarriko genuke martxan, eta herritarrak aurretik ohartaraziko genituzke".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Uholdeak Hondamendi naturalen biktimak Goialdeko depresioa