Gizartea -
Bosgarren urteurrena
'Egia osoa' jakitea eskatu dute Spanairreko istripuko biktimek
Biktimen oroimenak ''bizirik'' dirauela erakutsi dute senitartekoek, eta ''ez ahaztea'' aldarrikatu dute. Lore eskaintza egin dute, eta olerkiak irakurri dituzte.
Erredakzioa
Spanair konpainiako hegazkinaren istripuan hildakoen senideek eta ezbehar horretatik bizirik atera ziren lagunek omenaldia eta lore eskaintza egin diete orain bost urte JK5022 hegaldiak izandako istripuan hil ziren 154 lagunei.
Madrilgo Juan Carlos I.a parkean egin dute ekitaldia, eta biktimen oroimenak ''bizirik'' dirauela agerian utzi dute senideek omenaldi horretan. Halaber, biktimak ''ez ahaztea'' aldarrikatzeko lore eskaintza egin dute, eta olerkiak irakurri dituzte, gitarra doinuak lagun.
Ekitaldi xume eta hunkigarria izan da, Barajas aireportuko T2 terminalean ondoren egin duten ekitaldi nagusiaren aurretik antolatutakoa.
"Ez da balizkoa bidaiarien heriotzagatik ordaindu beharrekoa segurtasunean inbertitzea baino merkeagoa izatea'', azpimarratu du Spanairreko JK5022 hegaldiak kaltetutakoen elkarteak, presidenteordeak irakurritako adierazpenean.
Pilar Verak kausa artxibatzea kritikatu du
JK5022 kaltetutakoen elkarteak justiziak istripuaren osteko bost urteetan aurpegia ez ematea kritikatu du, Madrileko Probintzia Auzitegiak duela ia urtebete kausa penala artxibatuta. Halaber, bide penala amaituko duela nabarmendu du, beharrezkoa bada Estrasburgoko Epaitegira iritsita.
Pilar Vera erakundeko presidenteak azaldu duenez, "Madrileko probintzia auzitegiak erantzukizun penalak ekiteko iaz Spanair kasua artxibatzea erabaki zuenetik" biktimek egia jakitea nahi dute.
"Ez dugu ulertzen tragedia honek nolatan ez duen epaiketarik izan, 11 zenbakiko epaileak proposatu zuen moduan, eta ez dugu ulertzen ezbehar honek zergatik ez duen balio izan sisteman dauden akatsak, antzeko istripuak ekiditeko balio dutenak, zuzentzeko", nabarmendu du.
11M-ko kalte-ordain antzekoak eskatu dituzte
Halaber, aseguru-etxeek 11M-ko antzeko kalte -ordainak (batzuk milioi bat euro inguru) eskaintzea eskatu du Pilak Verak, konpainiekin dituzten auziei amaiera jartzeko.