Gizartea -
Osasuna
EAEko emakumeen bizi-itxaropena 86 urtekoa da, EBko altuena
Gizonezkoen kasuan, bizi-itxaropena 79,3 urtekoa da, Italiaren, Suediaren, Herbehereen eta Espainiaren atzetik.
Erredakzioa
EAEko herritarren bizi-itxaropena luzatu egin da azken hamar urteetan, eta EAEko emakumeek Europar Batasuneko bizi-itxaropen altuena dute, 86,1 urte hain zuzen ere.
Eustatek eta Eurostatek zabaldutako datuetan agertzen denez, 2000. urtean 75,8koa zen EAEko gizonezkoen bizi-itxaropena, eta 83,8 urtekoa emakumeen kasuan.
2011rako, berriz, gizonezkoen bizi-itxaropena 79,3 urtera igo zen, eta 86,1 urtera emakumeen kasuan.
Datu horiekin, EAEko emakumeak zerrendaren lehenengo postuan kokatu dira Europar Batasunean, emakume frantziarren (85,7), espainiarren (85,4), italiarren (85,3), portugaldarren (84), austriarren (83,9), suediarren eta finlandiarren (83,8) aurretik.
Zerrendaren behealdean, bizi-itxaropen baxuenarekin, emakume bulgariarrak (77,8), errumaniarrak (78,2), hungariarrak (78,7), letoniarrak (78,8) eta lituaniarrak (79,3) daude.
Gizonezkoen kasuan, bizi-itxaropen altuena italiarrek (80,1) dute, eta horien atzetik geratzen dira suediarrak (79,9), herbeheretarrak eta espainiarrak (79,4), eta EAEkoak (79,3).
Bizi-itxaropen baxuena, ordea, lituaniarrek dute, 68,1 urte batez beste.