Gizartea -
Elkarrizketa
Jaietako erasoen aurrean, ez ikusiarena ez egiteko eskatu du Emakundek
Izaskun Landaidak horrelako erasoak gaitzesteko eta "jarrera aktiboa" izateko eskatu die herritarrei.
Erredakzioa
Jaietan izan ohi diren erasoen aurrean, "beste alde batera ez begiratzeko" eskatu die Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak herritarrei.
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, jaietan ere sexu erasoak gertatzen direla ohartarazi du. "Gizarteko botere-harremanak, ordena soziala eta ezberdintasunak jaietan islatzen dira", baina alkohola eta jaia ez dira emakumeak objektu sexual gisa tratatzeko aitzakia", adierazi du.
Hori dela eta, emakumeen eskubideak eta berdintasun guneak errespetatzeko eta sexu erasoen edo jarrera matxisten aurrean beste alde batera ez begiratzeko eskatu du, eta horrelako erasoak gaitzesteko eta "jarrera aktiboa" izateko eskatu die herritarrei.
"Alkoholaren eta bestelako substantzien eraginez, horrelako jarrerak areagotu egiten dira jaietan, eta gure lana da mugak jartzea eta horiek eragozteko jarrera aktiboa izatea", nabarmendu du.
Azkenaldian izan diren salaketa faltsuen harira, horiek gutxiengoa direla azpimarratu du, salaketa faltsuak % 0,14 baino ez baitira. "Gai serioa da, eta ezin da gai horrekin jolastu, erasoak jasan dituzten emakume horiei kalte egiten zaielako", gaineratu du.