Gizartea -

Diputatuen Kongresua

PSOEk Gorenera joko du beken dekretu berriaren kontra

Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministro espainiarrak azaldu duenez, "leundu" egin dituzte bekak lortzeko baldintzak, eta aurrekontua % 20 hazi da aurreko urtetik.

Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroa. Argazkia: Efe
Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroa.
Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroa. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEk iragarri duenez, helegitea jarriko du 2013-2014 ikasturterako beken eta laguntzen erret dekretuaren kontra Auzitegi Gorenean, aukera berdintasunaren kontra doala iritzita.

Horixe adierazi du Angelia Costa PSOEren diputatuak Kongresuko Hezkuntza Batzordean, Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak dekretuaren inguruko azalpenak eman ostean.

Werten agerraldia

Wertek agerraldia egin du Kongresuan 2013-2014 ikasturterako beken eta laguntzen erret dekretuan egin dituzten aldaketen inguruko azalpenak emateko.

Azaldu duenez, beka orokorretarako aurrekontua 1.417,54 milioi eurokoa izango da, aurreko urtekoa baino % 20 handiagoa. Ministroak azpimarratu du "inoiz izan den aurrekontu handiena" dela.

Ministerioaren aurrekontuaren erdia beketara bideratuko omen dute; izan ere, 250 milioi euro gehiago izango dituzte aurten, eta horrek agerian uzten omen du Espainiako Gobernuak "baliabiderik ez, baina ikasteko borondatea eta gaitasuna" dutenekin duen konpromisoa.

Werten esanetan, ikasleen errendimendua hobetzeko igo dituzte eskakizun akademikoak erresidentzietarako edo alokairurako beken kasuan. Gainera, errendimenduaren gaia "orain arte" ez dela "garatu" kritikatu du.

Bestalde, Wertek esan du "leundu" egin dituztela matrikula ordaintzera bideratutako bekak lortzeko baldintzak, errektoreen aholkuei jarraituta. Hori horrela, hasiera batean 6,5eko batez besteko nota eskatzea aurreikusi bazuten ere, azkenean 5,5ean utziko dute, lehen bezala, alegia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea