Gizartea -

BIKTIMA HIL EGIN ZEN

Indian emakume bat bortxatzeagatik auzipetuak erruduntzat jo dituzte

Epaimahaiaren arabera, taldeka egin zuten bortxaketa zigortutako lau pertsonek, adingabe batek eta beste gizon batek, autobus batean. Biktima egun batzuk geroago hil zen.

New Delhiko Poliziaren ibilgailu bat, zigortuak auzitegitik ateratzen. Argazkia: Efe.
New Delhiko Poliziaren ibilgailu bat, zigortuak auzitegitik ateratzen. Argazkia: Efe.
New Delhiko Poliziaren ibilgailu bat, zigortuak auzitegitik ateratzen. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indiako epaimahai batek erruduntzat jo ditu New Delhin ikasle bat taldeka bortxatu izana egotzita epaitzen ari ziren lau gizonezko auzipetuak, NDTV indiar kateak jakinarazi duenez. Emakumea erasoa izan eta egun batzuetara hil zen, orduan egin zizkioten zauri larrien eraginez.

Lau auzipetuak (erasoan beste pertsona batek ere parte hartu zuen, baina, epaiketaren aurretik, haren gorpua aurkitu zuten, ziega batean) erruduntzat jo dituzte epaiketan, eta, The Indian Express egunkariaren informazioaren arabera, 13 deliturengatik zigortuko dituzte: taldekako bortxaketa, sexu osotasunaren aurkako delituak, hilketa, erasoa, konspirazioa, bahiketa, probak suntsitzea... Bihar zabalduko dute epaia, baina litekeena da, horrenbeste delitu izanik, heriotza-zigorra ezartzea.

Beste akusatu batek, adingabe batek, bere zigorraren berri izan eta 10 bat egunera heldu da gainerakoen zigorra. Adingabeen auzitegi batek taldekako bortxaketa, hilketa eta autobus baten lapurreta egotzi zizkion, eta hiru urtez erreformatorio batean egon beharra ezarri zion.

Lau akusatu adindunetatik, bakarrak aitortu du erasoa izan zenean autobusean zegoela. Beste hirurek, ordea, kargu guztiak ukatu dituzte.

Bortxaketa, autobus batean

Bortxaketaren biktima, 23 urteko Fisioterapia ikasle bat, lagun batekin zihoan New Delhiko autobus batean, 2012ko abenduaren 16ko gauean. Gizon talde bat gainera joan zitzaien, eta mutil hori autobusaren atzealdera bidali zuten, gero emakumeari erasotzeko erabili zuten burdinazko barra batez joz.

28 urteko gizonak esan zuenez, sei gizonek haren laguna bortxatu eta gero, autobusaz harrapatzen saiatu ziren, baina saihestu egin zuen berak, emakumea errepidetik mugituz. Ikaslea artatu zuen mediku taldea sekula horren zauri larririk ikusi gabea zen.

10 egunez, gaztea ospitaleratuta egon zen, eta Indiako kaleetan ozen entzun zen milaka lagunek justizia eske eta eraso sexualen aurka egindako oihua. Okerrera egin eta Singapurrera eraman aurretik, deklarazioa hartu ahal izan zioten emakumeari. Han hil zen, hiru egun geroago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea