Gizartea -
Hendaiako ikastola
Ikastola berria egiteko laguntza bertan behera utzi du Pauek
Hendaiako Udalak eraikin berria egiteko diru-laguntza emana zuen, eta hori barik, kolokan dago. Seaskak ez du erabakiaren kontrako mobilizazio gehiago egitea baztertu.
Erredakzioa
Hendaiako ikastola berria egiteko diru-laguntza emateko Udalaren erabakiaren aurka Lionel Beffre Paueko prefetak jarritako helegitea ontzat eman du Paueko Auzitegiak eta, hori horrela, eraikin berria kolokan dago.
Frantziako Estatuan espresuki debekatuta dago (Falloux Legea) hezkuntza pribatua diru publikoz laguntzea. Hain justu, Lege hori argudio nagusi gisa erabili du Paueko Auzitegiak, auziaren mamia sakon aztertu ez badu ere. Hendaiako Udalak onartutako diru-laguntza bertan behera uzteko eskatzeaz gain, auzibideak dirauen artean lanak debekatzeko agindua ere eman du Auzitegiak.
Seaskak Auzitegiaren erabakia deitoratu du eta Falloux Legearen oinarria aldatzea eskatu. Izan ere, hori indarrean dela, Seaskak ez du helduleku legalik. Hori horrela, eta ikastolaren premia bizia dela argudiatuz, Ipar Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak ez du mobilizazio gehiago egitea baztertzen.