Gizartea -

Hondakinen kudeaketa

Birziklatze datuak manipulatzea egotzi dio Gipuzkoa Garbiak Bilduri

Zenbait herritan zaborrarekin gertaturikoa argitzeko ere eskatu du EAJk bultzaturiko plataformak.

Gipuzkoa Garbia atez atekoaren kontrako plataformak prentsaurrekoa eskaini du. Argazkia: EiTB
Gipuzkoa Garbia atez atekoaren kontrako plataformak prentsaurrekoa eskaini du. Argazkia: EiTB
Gipuzkoa Garbia atez atekoaren kontrako plataformak prentsaurrekoa eskaini du. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoa Garbia EAJk bultzaturiko atez atekoaren kontrako plataformak birziklatze datuak manipulatzea eta gipuzkoarrei iruzur egitea egotzi dio Bilduri. Bestalde, Gipuzkoako hainbat herritan zaborrarekin gertatu dena argitzeko eskatu dio ezker abertzaleari.

Nahikari Otermin eta Imanol Lasa Gipuzkoa Garbia plataformako bozeramaileek prentsaurrekoa eskaini dute gaur, eta faltsukerietan ez babesteko eta Gipuzkoako hondakinen kudeaketa plana betetzeko eskatu diote Bilduri.

"Datuek argi erakusten dute atez atekoa gezurretan oinarrituta ezarri duten sistema dela, izan ere, Bilduk birziklatze datuak manipulatzen ditu bere jarrera justifikatzeko", Oterminen arabera. Hori dela eta, errealitatetik urrun dauden birziklatze datuak saltzeari uzteko eskatu du.

Pertsona bakoitzak urtero sortzen duen zabor kopurua aztertu du Gipuzkoa Garbiak, eta atez atekoaren eta bosgarren edukiontziaren arteko aldea "oso txikia" da. Gainera, bosgarren edukiontziaren aukera borondatezkoa eta inposatu gabea dela nabarmendu du Imanol Lasak.

Atez atekoak sortzen dituen kostuen harira Gipuzkoa Garbiak baieztatu du atez atekoa hiru aldiz garestiagoa dela. Anoeta, Alegia, Irura, Zizurkil eta Villabona herrietan hiru aldiz gehiago gastatzen dute zaborren kudeaketan orain, eta Zaldibian eta Legorretan esaterako, lau aldiz gehiago.

Bestalde, Gipuzkoan atez atekoaren kontrako 76.000 sinadura bildu dituztela gogoratu dute, eta herritarren nahia errespetatzeko eskatu diote Bilduri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gipuzkoa EH Bildu Nafarroa Ekologia gaur