Gizartea -

Lurrikarak

Jarduerak etenda jarraituko du Castorren, segurtasuna bermatu arte

Kataluniako Barne kontseilariak salatu du beharrezkoa den informazioa jaso gabe jarraitzen dutela. Informazio hori bide judizialetik eskatzea aztertzen ari dira.

Castellonen izandako lurrikarek kezka sortu dute turismoaren sektorean

0:57

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Castelloko Vinaroz eskualdean, Castor gas biltegiaren inguruetan, azkenaldian izaten ari diren mugimendu sismikoen aurrean, lasaitasun mezua helarazi nahi izan dute astelehen honetan agintariek, eta herritarren segurtasuna bermatuta egon arte jarduerak etenda jarraituko duela baieztatu dute.

Izan ere, egoera aztertu eta informazioa partekatzeko bilera egin dute Gobernuak eta mugimendu horiek nabaritzen ari diren erkidego, udal eta diputazioetako ordezkariek, Madrilgo Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren egoitzan.

Batzar horretatik irtetean, herritarren ''segurtasuna eta lasaitasuna'' bermatu beharra dagoela azpimarratu du Alberto Fabra Valentziako presidenteak, eta, ildo horretan, Castelloko presidenteak aurreratu du herritarren segurtasuna erabat bermatuta egon arte Castor berriz ere martxan ez jartzeko konpromisoa lortu dutela.

Kataluniako Barne kontseilaria, berriz, kritiko agertu da, eta babes zibilaren arduradun gisa, ''beharrezko den informazio guztia'' eskura ez dutela salatu du. Hala, informazio hori bide judizialetik eskatzea aztertzen ari direla aurreratu du.

Gobernuaren erantzuna

Prentsa ohar baten bidez, Jose Manuel Soria Industria ministroak berretsi du Castorreko jarduera etenda mantenduko dutela, segurtasuna bermatuta egon arte.

Alberto Nadal Estatuko Energia idazkariak azaldu duenez, adituak ''erlojuaren kontra'' ari dira lanean mugimendu sismikoen nondik norakoak argitzeko.

Lurrikara gehiago

Bart, maila txikiko beste bi mugimendu sismiko izan ziren eskualdean, Richter eskalan 1,8 gradukoak.

Castor proiektua

Urpean 1.750 metrora dagoen garai bateko petrolio putzua aprobetxatzeko helburuarekin jarri zuten martxan Castor proiektua, 50 egunerako gas eskariaren heren bat bertan metatu ahal izateko.

1.200 milioi euroko inbertsioa egin zuten bertan.

Eskualdean mugimendu sismikoak gertatu ondoren, proiektua geldiaraztea erabaki zuen Gobernuak, egoera aztertzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea