Gizartea -

Castelloko lurrikarak

Soriak lurrikaren jatorria gas induzitua “izan litekeela” aitortu du

Gas biltegi bat “izan liteke” duela 15 egunetik Castelloko kostan izan diren lurrikaren jatorria, Soriaren hitzetan. Gaur, 25 lur mugimendu baino gehiago izan dira; batek 4,1 graduko maila hartu du.

Gasa injektatzeko plataforma, Castellon. Argazkia: Efe.
Gasa injektatzeko plataforma, Castellon. Argazkia: Efe.
Gasa injektatzeko plataforma, Castellon. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Manuel Soria Industria, Energia eta Turismo ministroak Castelloko kostaldean igarritako lurrikaren atzean gas induzitua biltzeko Castor proiektua egon litekeela aitortu du ostegun honetan. Soriak zehaztu duenez, halere, oraindik ez dago hori ziurtatzeko datu zientifikorik.

Espainiako Gobernuko ministroak Onda Cero irrati katean azaldu duenez, Geologoen Elkargoak eta Espainiako Geografia Institutuak egindako ikerketa baten arabera "lurpeko biltegi horretan gasa injektatu izana eta inguruan azken 15 egunetan izan diren lurrikarak erlazionatuta daudela dirudi".

Hori dela eta, bere sailaren jardunbidearen alde egin du Soriak; izan ere, joan den ostegun goizaldean Richterren eskalan 3,6ko indarra izan zuen lurrikara bat erregistratu zenean, lur mugimenduen jatorria jakin arte jarduera guztiak gelditzeko agindua eman zuen Ministerioak. "Orain, hori ikertzen ari dira", gehitu du.

"Baliteke kausa izatea, baina oraindik ez dugu hori baieztatu edo ezeztatzeko arrazoi zientifikorik", aitortu du Soriak. "Hain zuzen, Geologoen Elkargoko eta Espainiako Geografia Institutuko kideak horretantxe ari dira", ministroaren hitzetan.

“Espero baino mugimendu handiagoak”

Escal UGSk, Castelloko kostaldean gas naturala biltzeko Castor proiektua kudeatzen duen enpresak, jarduera horrek lurrikarak eragiten dituela baieztatu du, baina egunotakoak handiegiak direla eta ez dituztela aurreikusi aitortu dute.

Recaredo del Potro enpresaren presidentearen arabera, gisa honetako proiektuetan Richterren eskalan 1 edo 2 gradu hartzen dituzten lurrikarak sortu ohi dira, baina ostegun honetan bertan 4,1 graduko lur mugimendu bat detektatu dute Castelloko kostaldean. Jarduera sismiko hori aztertzeko, baliabide puntakoenak erabiltzen ari direla esan du zuzendariak, eta, honen guztiaren jatorria argitzeko, Espainiako Geografia Institutuarekin, Geologia Institutuarekin eta Europako "elkarte nagusiekin" lankidetzan ari direla ziurtatu du.

Gainera, irailaren 16tik, gasa injektatzeko lanak bukatu zirenetik, Castorreko jarduera geldituta dagoela esan du Del Potrok. Proiektuan, duela milioika urte petrolioa gorde zuen eremu baten gaineko azpiegitura aprobetxatu nahi dutela zehaztu du gero. Petrolio hori 70eko hamarkadan atera zuten, eta gero zorupeko urak hartu zuen eremu hori. Orain, enpresak ur hori "apur bat" mugitu du, petrolioak hartu zuen eremu horretan gas naturala gordetzeko.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Lurrikarak munduan Gasaren krisia Europan