Gizartea -

Bahiketa, Mexikon

Delorean: 'Ondo gaude; Mexikon oraindik'

Euskadi Irratiak musika taldeko kideen lehen adierazpenak lortu ditu, "bahiketa birtual bat" jasan eta gero.

Delorean taldekoak bahituta eduki dituzte Mexikon

1:13

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Delorean Zarauzko musika taldeko lau kideek euren bizitzako sustorik handiena pairatu dute azken egunetan, "bahiketa birtual bat" jasan baitute Mexikon. Atzo askatu zituzten, eta onik daude.

Euskadi Irratiak taldekideekin hitz egitea lortu du, eta horiek "ondo" daudela eta oraindik Mexikon jarraitzen dutela esan dute. Oraingoz, ez dutela adierazpen gehiagorik egingo gaineratu dute.

Bestalde, taldeko abeslariaren aitak, Fernando Lopetegik, ETBn zehaztu duenez, Auzitegi Nazionala bahiketa ikertzen ari da, eta auzia sekretupean jarri du. Horren esanetan, ostegunerako espero dituzte etxean.

Senideek eta Poliziak azaldu dutenez, amesgaiztoa igandean hasi zen. Taldea Mexiko Hirian zegoen, disko berria aurkezteko biraren baitan, eta, egun librea zutenez, turismoa egin zuten, AEBra joan baino lehen.

Hotelean bueltan zeudenean, baina, Guillermo Astrainek ezezagun baten telefono deia jaso zuen. Horrek Los Zetas talde kriminaleko kidea zela esan zion (beste iturri batzuen arabera, polizia zela esan zion), eta beste taldekide batekin batera hoteletik alde egiteko eskatu zion, bertan tiroketa bat jazoko zelakoan. Beste bi taldekideei eskudirua ateratzea eta euren sakelako telefonoak apurtzea eta berriak erostea agindu zien.

Une horretatik aurrera, lau taldekideak bananduta izan ziren, beste hotel bateko bi gelatan, eta bahitzaileen deiak jasotzen hasi ziren. Orduan ohartu ziren bahituta zeudela.

Bahitzaileek uneoro kontrolatuta zeudela sinetsarazi  zieten, baina musikariek ez zuten aurrez aurre mehatxurik jaso. Telefonoz izan ei ziren hartu-emanak.

Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendariak hitz hauekin azaldu du gertatutakoa: "Beste hotel batera eramateko, ez zuten bortxa edo indarkeriarik erabili. Egoera kontrolpean eduki zuten bahitzaileek, hotel horretan egon gabe eta uneoro zelatan ibili gabe. Euskal musikariek handik lasai joateko aukera zuten, baina, noski, beste herrialde bat da, ezagutzen ez duten inguru bat... Benetan bahituta zeudela uste zuten".

Aldi berean, bahitzaileek musikarien senideekin hitz egin zuten, eta, mehatxu eginda, milioi bat dolarreko bahisaria eskatu zieten.

Astelehenean, gertatutakoaren berri izan eta gero, Ertzaintzak eta Espainiako Poliziak elkarlana hasi zuten, Delorean taldeko kideak askatzeko.

Ikerketen ondorioz, Mexikoko Poliziak euskal herritarrak non zeuden jakin zuen astelehen arratsaldean, eta askatu egin zituen.

"Bahiketa birtuala baino gehiago"

Nolanahi ere, kontakizun horretatik urrunago, gertatutakoa "bahiketa birtuala baino gehiago" izan dela esan du Carlos Castellanos kazetari mexikarrak, Radio Euskadin.

Horren esanetan, agintariak jazotakoa "gutxiesten" saiatzen ari dira. Izan ere, bigarren hotelean musikariak eta bahitzaileak aurrez aurre izan zirela aipatu du, indarkeria erabili ez bazuten ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea