Gizartea -

Heziberri 2020

Euskal curriculuma garatzeko sindikatuei deitu ez izana salatu dute

ELA eta STEE-EILAS sindikatuek "informazioa, gardentasuna eta benetako partaidetza demokratikoa" eskatu diote Hezkuntza Sailari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA eta STEE-EILAS sindikatuek euskal curriculuma garatzen langileen ordezkariek parte ez hartzea kritikatu dute, eta "informazioa, gardentasuna eta benetako partaidetza demokratikoa" eskatu diote Hezkuntza Sailari.

ELAren aburuz, "ez da onargarria" eta "oso larria" da horrelako ekimenenetan sindikatuek parte ez hartzea. Horren hitzetan, Jaurlaritza hezkuntza eragileekin bildu da curriculum berria garatzeko, baina sindikatuak ez ditu aintzat hartu.

Sindikatuak azaldu duenez, legealdia hasi zenetik horrelako proiektuak garatzeko eragile guztien partaidetza bultzatuko zuela azpimarratu du Jaurlaritzak. "Are gehiago, hezkuntzaren egoera eta jasaten ari den erasoak kontuan izanik", gaineratu du. "Sindikatuak alde batera utziz, eta behin eta berriz egindako eskaerak aintzat hartu gabe, LOMCE legeari eta Euskadin hezkuntza arloan dauden beharrei erantzuna ematen ari den itxura eman nahi du Jaurlaritzak", adierazi du. Horrelako proiektuak garatzeko "informazioa, gardentasuna, partaidetza demokratikoa eta akordioak" eskatu dizkio sindikatuak Jaurlaritzari.

STEE-EILAS

STEE-EILAS sindikatuaren aburuz, "deigarria" da "hezkuntza eragileak" kontzeptuak langileen ordezkaritzarik ez hartzea bere baitan. Hezkuntza Sailari "curriculuma bezalako proiektu garrantzitsuak garatzeko, informazioa, gardentasuna eta hezkuntza osatzen duten eragile guztien parte hartze demokratikoa" bultzatzeko eskatu dio, "sindikatuena barne".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika LOMLOE hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza Eusko Langileen Alkartasuna EAE Hezkuntza Sindikatuak Espainian Steilas azken ordukoa