Gizartea -

Taldearen oharra

Mehatxuak benetakoak zirela azpimarratu dute Delorean taldeko kideek

"Heriotza mehatxuak benetakoak ziren erabat, bahitzaileek psikologikoki manipulatzeko duten gaitasuna dela-eta. Bahiketak egiten benetako profesionalak dira", azaldu dute ohar batean.

Delorean taldeko kideak bahituta izan ziren hotela. EFE
Delorean taldeko kideak bahituta izan ziren hotela. EFE
Delorean taldeak amesgaiztoa bizi izan du Mexikon

1:38

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mexikon "bahiketa birtuala" jazan ostean, Ertzaintzaren, Polizia Nazionalaren, Interpoleren eta Mexikoko Poliziaren lan ona eskertu dute asteazken honetan Delorean taldeko kideek, ohar baten bidez.

"Errugabe jo behar dugu beti hain ongi hartu gaituen herrialde miresgarri hau (Mexiko)", esan dute ohar horretan.

Han bizi izandakoa "esperientzia oso zaila" izan dela eta "birtualetik gutxi" izan duela azpimarratu dute musikariek. "Heriotza mehatxuak benetakoak ziren erabat, bahitzaileek psikologikoki manipulatzeko duten gaitasuna dela-eta. Bahiketak egiten benetako profesionalak dira", gaineratu dute.

Taldeko kideek pribatutasuna eskatu dute, eta, etorkizunari begira, eurei geratutakoa "mota honetako gehiegikeriak ekiditeko baliagarria" izatea espero dute.

''Terrorea ez da birtuala izan''

Delorean taldeko abeslariaren aitak, Fernando Lopetegik, euskal musikariek Mexikon pairatu duten amesgaiztoa azaldu du, ETBn egindako elkarrizketa batean.

Zarauzko taldea 24 orduz bahituta izan da Mexiko Hirian, eta Poliziak erreskatatu behar izan du.

Ekhi Lopetegiren aitak deitoratu egin du agintariek gertatutakoa "bahiketa birtuala" izan dela esan izana, "bigarren mailako bahiketa bat izango balitz bezala". "Guk bizi izan dugun terrorea ez da birtuala izan", ohartarazi du.

Horren esanetan, musikariak "kontrolatuta zeuden uneoro". "Leihora hurbiltzen baziren, leihotik urruntzeko esaten zieten. Norbaitek kanpotik zaintzen zituen", azaldu du.

Bahitzaileek telefonoz senideei esandakoak "oso bortitzak" zirela aipatu du Fernando Lopetegik: "Semea txiki-txiki eginda eta hainbat zapata kutxatan sartuta bidaliko zigutela esaten ziguten, eta telefonoaren beste aldean motozerra baten soinua entzuten genuen".

Taldekideen egoerari dagokionez, "lur jota" daudela esan du Lopetegik. Disko berria aurkezteko bira hasi berria zuten, baina bertan behera utzi behar izan dute.

Auzitegi Nazionalak ikerketa abiatu du, gertatutakoa argitzeko, baina auzia sekretupean jarri du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea