Gizartea -
Alarma soziala piztu zen
Ertzaintzak ukatu egin du ikastetxeetan bahitzaileak daudela
Zurrumurrua asko hedatu da azken egunetan, sare sozialen eta Whatsapp bidez, baina Ertzaintzak gezurra dela ohartarazi du.
Erredakzioa
Azken egunetan, EAEko hainbat ikastetxetan umeak bahitu nahian dabiltzala zabaldu da sare sozialetan eta Whatsapp bidez. Nolanahi ere, gezurrezkoa dela ohartarazi nahi izan du Ertzaintzak.
"Alarma handia piztu da, inolako fundamentu barik", azaldu dute, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailetik.
Sare sozialetan hedatutako mezuen arabera, furgoneta bat ikastetxeetara bertaratzen ari da, eta barruan dauden pertsonak umeak deitzen ari dira, txakurkume bat erakutsiko dietela esanda.
Beste mezu batzuen arabera, pailazo sudur bat jantzita duen gizonezko bat zentroen inguruetatik ibili ohi da, umeak bahitu nahian.
Hori horrela, Ertzaintzak ikerketa abiatu du, hainbat herritan, Loiun, kasu, zurrumurruak argitzeko. Dena dela, inork ez duela ezer ikusi azaldu dute.
Segurtasun Sailak argi utzi nahi izan du salaketarik ez dagoela, ezta lekukorik ere, eta, beraz, zurrumurruek oinarririk ez dutela.