Gizartea -

Mario Iceta

30.000 euroko isuna Bilboko gotzainari, Cajasurren kudeaketagatik

Espainiako Bankuak Mario Iceta Bilboko gotzainak Cajasur kutxan egin zuen lana zigortu du. Guztira, 2,4 milioi euroko isunak eskatu ditu bankuak kutxaren 38 zuzendari eta kontseilari ohirentzat.

Mario Iceta Bilboko gotzaina. Argazkia: Efe.
Mario Iceta Bilboko gotzaina. Argazkia: Efe.
Mario Iceta Bilboko gotzaina. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mario Iceta Bilboko gotzainari 30.000 euroko isuna ezarri dio Espainiako Bankuak, FROB Baku Berregituraketa Ordenaturako Funtsak kutxa interbenitu aurretik Cajasurren egindako kudeaketa lanagatik, gaur Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu dutenez.

Espainiako Bankuak Cajasurri buruzko espedientea zabaldu zuen, eta, 2011n, Kordobako aurrezki kutxako 38 zuzendari eta kontseilari ohiri 2,4 milioi euroko isuna jartzea proposatu zuen. Gehienak elizgizonak ziren, baina Kordobako PSOE, PP eta IUko kide garrantzitsuak ere bazeuden tartean.

Bankuen jarduna arautzeko erakundearen arabera, Cajasurren kudeatzaileek hiru arau-hauste oso larri eta arau-hauste larri bat egin zituzten 2005 eta 2010 artean. Orduan, Kordobako Katedraleko Kabildoak kontrolatzen zuen, eta orain Kutxabankena da, FROBek onbideratu eta saldu eta gero.

Hain zuzen ere, arau-hauste hauek egin zituzten Cajasurren: higiezinen arloaren arriskuak neurtzeko mekanismo desegokiak erabili zituzten, ez zituzten Unicajarekin bat egiteko jardunbidea eta kaudimen koefizienteak bete, eta behar baino inbertsio handiagoa egin zuten hiru enpresa taldetan.

Iceta: "Ahal izan zena, genekiena, egin genuen"

Icetak kazetarien aurrean esan duenez, 2004tik 2008ra, Cajasurreko kontseiluko kide izan zenean, "ahal izan nuena, nekien guztia", egin zuen. Epe horretan kutxa andaluziarreko zuzendaritza taldeko kideek "zintzotasun handiz eta osotasun erabatekoaz" lan egin zutela erantsi du.

Bilbon emandako prentsaurreko batean, Cajasur "Kordobako Katedraleko Kabildoarena bakarrik" 2004ra arte izan zela ekarri du gogora Icetak, eta, ordutik aurrera, lege baten ondorioz, % 33ra jaitsi zen haren jabetza eta "denetariko erakundeak" sartu ziren kutxan, horren hitzetan.

Nolanahi ere, bera administrazio kontseiluko kide izan zen bitartean andaluziar kutxan lan egin zutenak "finantza erakundearen mesedetan lan egin zuten pertsona prestuak" izan zirela eta 2008an krisi ekonomikoarekin etorri zen "hondamendiaren" aurrean "ahal izan zuten ondoen" egin zutela esan du.

Halaber, Icetaren esanetan, "higiezinen krisiak eta egoera ekonomiko latzak" ez zuten Cajasur soilik jo: "Lehen, 50 aurrezki kutxa zeuden Espainian, eta hamar gelditzen dira".

Espainiako Bankuak Icetari eta Cajasurren beste 37 zuzendari ohiri 2,4 milioi euroko isuna jartzea proposatu zuen, eta, urtarrilean, Ogasun Ministerioak erabakia berretsi zuen. Bilboko gotzainarena isun txikienetakoa da: 30.000 euro.

2010etik Bilboko gotzaina denak zigorraren aurkako helegitea jarri zuen Auzitegi Nazionalean, baina ez zuten aintzat hartu.

Madrilgo Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren eta Madrilgo Enpresa Unibertsitatea Fundazioaren Ekonomia masterra egin eta gero, Teologia ikasketak Kordoban bukatu zituen Mario Icetak, eta bertan hasi zen eliz jardunean, erretore, gotzain-bikario eta kalonje penitentzialari gisa, Bilboko gotzaina izendatu aurretik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Espainia albisteak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Isunak Euskadin Gotzain Biltzarraren albisteak gaur