Gizartea -
Ezbeharra
58 urteko gizonezko bat hil da Aulestiko mendi martxan
Osakidetzako helikoptero bat gertaeraren tokira gerturatu da, baina larrialdi zerbitzuetako medikuek ezin izan dute gizonaren bizia salbatzeko ezer egin. Antza denez, bihotzekoak emanda hil da.
Erredakzioa
Artziniegako 58 urteko gizonezko bat hil da larunbat honetan Aulestiko VIII. mendi martxan, bihotzekoak jota, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Gizonezkoa mendi martxan parte hartzen ari zen, eta beste parte-hartzaile batek lurrean botata aurkitu du, eta medikuei abisua eman die 10:10 inguruan.
Osakidetzako helikoptero bat gertaeraren tokira gerturatu da, baina larrialdi zerbitzuetako medikuek ezin izan dute gizonaren bizia salbatzeko ezer egin.
Mendi martxa 08:00etan hasi da Aulestin, eta parte-hartzaileek 25 kilometroko ibilbidea egin behar zuten, besteak beste, Markinatik eta Munitibarretik barrena, eta 600 metroko desnibela gainditu behar zuten.