Itxi

Gizartea

Eskola jazarpena EAE-n

'Bullying' kasuak ia hirukoiztu egin dira azken bost urteetan

2012an 200 salaketa jaso ziren. Hezkuntza eta Segurtasun sailek hitzarmena izenpetu dute, ertzainek eskoletan prebentzio hitzaldiak eman ditzaten.

1:17

'Bullying' edo eskola jazarpen kasuak ia hirukoiztu egin dira EAEn azken bost urteotan, eta 2012-2013 ikasturtean 201 salaketa jaso ziren, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak gaur emandako datuen arabera.

Hezkuntza eta Segurtasun sailek eskola jazarpena prebenitzeko hitzarmena izenpetu dute gaur, eta Estefania Beltran de Heredia sailburuarekin egindako aurkezpenean eman ditu zenbakiok Uriartek.

Hitzarmenaren arabera, hala eskatzen duten ikastetxeetan eskola jazarpenari, ciberbullying-ari, droga kontsumoari edo bideko segurtasunari buruzko hitzaldi prebentiboak emango ditu Ertzaintzak. Boluntario aurkezten diren 150 agente arituko dira lanotan.

Hitzaldietara irakasleak, ikasleak eta gurasoak joan ahalko dira. Izatez, ez da ekimen berria, hitzaldiak eskaintzen ari direlako jada, baina akordioa gaur izenpetu dute bi sailek.

Salaketak, gora

Hezkuntza sailburuak emandako datuen arabera, 2008an 75 kasu salatu ziren, 2010ean, 146 eta 2012an, 201. Bost urteotan a hirukoiztu egin da kopurua, beraz.

Uriarteren esanetan, salaketen kopuruak gora egin izanak ez du esan nahi jazarpena handitu denik, "lehen tratu txarren aurrean isilik egotea zen joera", erantsi du.

Azken ikasturtean salatutako kasuen % 44,3 eskola jazarpenentzat jo zituzten, gainerakoetan erne jarraitu bazuten ere. Izan ere, kasu gehienak ikastetxean bertan konpontzen dituzte eta gutxitan aurkezten da salaketa epaitegietan.

2012-2013 ikasturteko kasu gehienetan 10 eta 16 urte bitarteko umeak izan ziren biktimak. 62 kasu ahozko erasoak izan ziren; 56, tratu txar fisikoak. 43 kasuk gizarte bazterkeriarekin izan zuten zerikusia, eta 7k, kutsu sexuala.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena