Gizartea -
Loiuko aireportua
Denboraldi berria Loiun, Bolonia, Mallorca, Coruña eta Alacantekin
Bizkaiko aireportuak mantendu egingo ditu Erromara doazen hegaldiak, eta Bilbo-Istanbul lotura egunero izango da.
Erredakzioa
Loiuko aireportuak denboraldia ibilbide berriekin estreinatuko du, esaterako, Coruñara, Alacantera, Mallorcara eta Boloniara hegaldiekin. Azken hiri horrekin ez du inoiz loturarik izan.
Udako denboraldiko Oslo, Bukarest, Atenas eta Marrakex bezalako helmuga turistikoetara hegaldiak bertan behera utzi ostean, aipatutako lau berrikuntzek irekiko dute neguko denboraldia.
Loiutik Coruñara (astean bost aldiz) eta Alacantera (astean hiru aldiz) hegaldiak abian jarri zituen Vueling konpainiak ostiralean.
Air Nostrum arduratuko da beste bi berrikuntzez. Gaur izango da lehen hegaldia Mallorcara, eta astelehenean, aldiz, Boloniara. Bilbok ez du inoiz loturarik izan unibertsitate-hiri italiarrarekin.
Astelehenetik aurrera, gainera, Turkish Airlines konpainiak Bilbo eta Istanbulen arteko lotura egunero egingo du. Orain arte, astean lau hegaldi zeuden bi hiri horien artean.
Bizkaiko aireportuaren neguko denboraldian orain arte kolokan izan diren bi hegaldi mantenduko dira: Air Berlinek Mallorcara duen lotura eta Alitaliak Erromara duena. Urte osoan zehar izango dira martxan bidaia horiek.
Aurrerago, Gabonetako oporretan, Fuerteventurara, Marrakexera eta Veneziara hegaldiak prestatuko ditu Vueling konpainiak.
Ohiko helmugek bere horretan jarraituko dute. Horien artean daude, esaterako, Alemaniako zenbait hiri, Londres, Paris, Brusela, eta Espainiar estatuko Madril, Bartzelona, Sevilla, Malaga eta Kanariar Uharteak.