Gizartea -
Trafikoa
Hiru lagun hil dira EAEn eta Nafarroan izandako istripuetan
Lehen istripua goizaldean izan da Murun (Nafarroa). Arratsaldeko lehen orduan bi lagun hil dira Deikaztelun eta Laudion izandako ezbeharretan.
Erredakzioa
Hiru lagun hil dira EAEko eta Nafarroako errepideetan izan diren beste horrenbeste istriputan.
Lehen istripua goizaldean izan da. J.M.A.I. Aizkoako (Deierri) 68 urteko bizilaguna hil da Murun (Deierri), NA-120 (Lizarra-Beasain) errepidean. Zeraman ibilgailua bidetik atera da, Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Foruzainak egiten ari diren ikerketaren arabera, litekeena da gidaia berez hil izana istripua izan baino lehenago. Hipotesi hori berresteko, Auzitegiko Medikuntzaren Nafarroako Institutuan autopsia egingo diote gorpuari. Ibilgailuan ez zihoan beste inor.
Arratsaldeko lehen orduan emakumezko bat hil da Deikaztelun (Nafarroa) gidatzen zuen autoak eta kamioi batek elkar jo ostean.
Ibilgailuan zihoan beste lagun bat eta kamioiaren gidaria onik atera dira, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez.
Istripua Laudion
Laudion, berriz, gizonezko bat hil eta emakume bat zauritu da astelehen honetan izan den zirkulazio istripuan, bi ibilgailuk aurrez aurre talka egin ondoren.
A-625 errepidean izan da ezbeharra, 15:00ak inguruan. Zauritutako emakumea Galdakaoko ospitalera eraman dute.