Gizartea -
Osasuna
Kanpoko kontsulten eremu berri bat inauguratu dute Araban
Arabako Unibertsitate Ospitalean izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jon Darpon Osasun sailburua, eta Jaurlaritzak osasunarekiko duen konpromisoa azpimarratu dute.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak kanpoko kontsulten eremua inauguratu du gaur Arabako Unibertsitate Ospitalean, Gasteizen, Jon Darpon Osasun sailburuarekin batera.
Eraikin berrian, Txagorritxu eta Santiago ospitaleak bateratu dira, eta egunean 2.000 pertsona inguru artatuko dira. Jaurlaritzak 25 milioi euro inbertitu ditu bertan.
Jaurlaritzak osasunarekiko duen konpromisoa azpimarratu dute ekitaldian Urkulluk eta Darponek, "Euskadin osasun zerbitzu publikoa eta unibertsala bermatzen duena". Osakidetzaren jarraitutasuna nabarmendu dute, "hazten jarraitzen duen" osasun sistema baita, Urkulluren hitzetan.
Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gogorarazi du berak zuzentzen duen gobernuak 2014rako aurkeztu duen aurrekontu proiektuan, hamar eurotik hiru osasunera bideratuko direla, "pertsonen arreta eta ongizatea hobetzera", hain zuzen ere.
Urkulluk adierazi du plangintzaren eta oraingo eta etorkizuneko pertsonen premiei aurrea hartzearen adibide izan dela Arabako Unibertsitate Ospitalean egindako inbertsioa.