Gizartea -
Euri eta hotz denboralea
Urteko egun euritsuenak, asteburura arte
Jaurlaritzak alerta laranja ezarriko du gaur gauerdian. Astebururako, eurite txikiagoak espero dira, baina hotz handia egiten jarraituko du.
Erredakzioa
Euri eta hotz denborale bat iritsi da Euskadira, eta hurrengo egunetan areagotu egingo da. Atzotik, lurraldea abisu horian dago, euriteengatik, baina, gaur gauerdian, Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarriko du.
Gaur, EAE euritsu esnatu da, baina ibaien emariak egonkor daude, oraingoz. Autobideak eta errepideak, hori bai, oso bustita daude, eta, horregatik, arreta handiz gidatu beharra dago.
Euskalmet Meteorologia Agentziak azaldu duenez, asteazken honetan batik bat goizean egingo ditu eurite handienak. Elurra 500-600 metrora egingo du, baina baliteke ekialdean 400 metrora ere zuritzea. Egunaren azken orduetan, elur-kota 800-1.000 metrora igoko da.
Osteguna egun euritsuena izango da. Hori dela eta, Jaurlaritzak alerta laranja ezarriko du, gaur gauerditik bihar gauerdira, Bizkaian eta Gipuzkoan. Euriteek kostaldea astinduko dute gehienbat. Bertan, 60 litro pilatuko dira metro karratuko.
Elurra 900-1.000 metrora egingo du goizez, baina arratsaldean 700-800 metrora jaitsiko da kota.
Haizeak ere gogotik joko du, mendebaldetik, eta 3,5 metrorainoko olatuak sortuko ditu itsasoan.
Ostiralean, elur-kota are gehiago jaitsiko da, 500-600 metrora, hain zuzen ere.
Asteburuan, hotz handia egingo du, baina ez da eurite handirik espero.
Tenperaturei dagokienez, termometroek 5-10 ºC erakutsiko dituzte egunotan, kostaldean, eta 5 ºC barnealdean.
NAFARROA
Nafarroan, bi errepide itxita daude bigarren mailako sarean, NA-137 eta NA-2011, elurtuta daudelako. Hain zuzen ere, Pirinioetarako bidean daude itxita, 45. kilometrotik eta 7. kilometrotik, hurrenez hurren.
Aemet Estatuko Meteorologia Agentziak abisu horia ezarri du gaur Nafarroan, elurrak sei zentimetroko geruza eratu dezakeelako Pirinioetan. Barnealdean, 500 metrora ere egingo du elurra.
Foru Gobernuak arreta handiz gidatzea aholkatu du.