Gizartea -

Alerta laranja, EAE-n

Fronte berri batek euri-jasak ekarriko ditu iluntzean

Itsasgora 18:30ean izango da, nahiz eta ez den aparteko konplikaziorik espero.

Elurra gogotik bota du Gasteizen. Jose Maria Alonso
Elurra Gasteizen
Zuhaitz bat aparkatutako auto baten gainera erori da Getxon

1:11

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaia eta Gipuzkoa alerta laranjan sartu dira 06:00etan, eurite handiengatik, eta Eusko Jaurlaritzak Larrialdi Plana abiatu du, aurrelarrialdi fasean. Gaurko eguna, urteko euritsuenetakoa izan liteke.

Euskalmeten arabera, 60 litro pilatuko dira gaur, eta beste horrenbeste bihar. Hala, alerta laranja ezarri dute ostiralera arte. Dena dela, espero baino euri gutxiago egin du eta ibaiek beren egoerara etortzeko astia izan dute. Iluntzerako fronte berri bat espero da. Euri-jasa ekarriko ditu fronte horrek, baita txingor zaparradak ere. Elur-maila 700-800 metrora jaitsiko da.

BIZKAIA, KALTETUENA

Bizkaian daude arazo larrienak. Hala, Butroe ibaiak gainezka egin du Zabalbidea inguruan, Urdulizen, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Bestalde, Euskalmetek aditzera eman duenez, Gobela ibaiak maila horia erdietsi du goizean Larrañazubiko estazio hidrometeolorogikoan (Getxon). baina eguerdirako behera egiten hasi da. Udala erne dago, eta atzo bilera egin zuten teknikariek eta zinegotziek, larrialdi zerbitzuekin lankidetzan aritzeko.

Inguru horretan, Gobela parean, eta euriteen ondorioz, arbola bat jausi da auto baten gainera, bizilagunek jakinarazi dutenez.

Berangon, erreka bat ubidetik atera da Eroski eta Kurtze parean eta ur-putzu handiak daude.

Bilboko Udaleko krisi-mahaiak, bestalde, ez du uste Ibaizabal ibaia ubidetik aterako denik, baina halere, atzo ezarritako prebentzio neurriei eutsiko die. Udalak ohar batean jakinarazi duenez, gaur berriz bildu da krisi-mahaia eta baieztatu ahal izan dutenez, "normal" ari da itsasoratzen. Atzo lurrez betetako zakuak paratu zituzten Olabeagan, Deustuko Erriberan, Zorrotzaurren eta Elorrietan. Horrez gain, ura biltzeko sistemak eta estolderia egoki dagoen baieztatzen aritu dira, badaezpada. Itsasgora 18:30ean izango da, eta orduan espero dute unerik zailena.

GIPUZKOAKO EGOERA

Donostiako Udalak "lasaitasun" mezua helarazi du, "ez baita uholdeengatik arazorik egon". Oraingoz, maila arruntean dago Urumea ibaia. Añarbeko urtegiak ura askatu du gau osoan. Dena dela, Urumea maila horian dago Ereñozun (Hernani).

Txomin eta Martuteneko bizilagunei alerta laranjaren berri eman diete. Udalak gainera, bere esku dauden etxebizitzak aztertu ditu, bizilagunak bertara eramateko beharra sortuz gero erabili ahal izateko. Garberako aparkalekutik, gainera, lotura egiteko autobus-zerbitzua ezarri du, Urumearen inguruko bizilagunek autoa bertan utzi dezaten uholdeak gertatuz gero.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Larrialdi Plana indarrean jarri du ostegun eta ostiral honetarako. Asteazken arratsaldean, Gipuzkoako uren maila ohikoa baino handiagoa zen, baina alarma egoerara iritsi gabe.

Errepideetan, ur asko dago GI-636 errepidean, Hondarribia eta Donostia artean eta Irun eta Gipuzkoako hiriburuaren artean. Gernika eta Kortezubi arteko errepidea ere arriskutsu dago.

ELURRA ETA IZOTZA, ARABAN

EAEko mendate guztiak zabalik daude, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Dena den, Arabako Herrera mendatean kateak behar dira eta Azazetan eta Opakuan (hauek ere Araban) kontuz ibiltzeko gomendioa eman dute, izotza eta elurra baitago.

Arabako Foru Aldundiak Neguko Plana du abian eta elurra kentzeko 11 makina eta 37 langile prest ditu.

NAFARROAN, ELURRA

Nafarroan, Aemet Estatuko meteorologia agentziak alerta laranja ezarri du Pirinioetan, elurragatik. Lurraldeko gainerako tokietan abisu horian daude.

Aemeten arabera, Pirinioetan elurrak 40 zentimetroko elur geruza eratuko du, 1.200-1.300 metrora. Hiriguneetan, 4 zentimetro harrapatuko ditu.

Elurraren ondorioz, hiru errepide guztiz itxita daude Pirinioetan: NA-137, NA-2011 eta NA-2012 errepideak.

Euria ere gogotik egin du Nafarroan, eta metro koadroko 30 litro pilatu dira hainbat gunetan, hala nola, Gorramendin, eta 25 litro baino gehiago, Donezteben.

Aoitzen 15,3 litro pilatu dira; Etxarri-Aranazen, 12,7; Iruñean, 8,8; eta Arangoitin, 7,9, Foru Gobernuak jakinarazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia argazkiak Ekaitzak gaur