Gizartea -
Denboralea, arintzen
Hotza eta elurra, euriaren ordez
Segurtasun Sailak bertan behera utzi du uholdeei aurre egiteko Larrialdi Plana, eguraldiak hobera egingo duela eta. Elur-kota 500-600 metroan izango da EAEn, eta 400 metroan, Nafarroan.
Erredakzioa
Azken egunotako prezipitazio gogorrak atzean utziko ditugu, apurka-apurka bada ere, eta hotzak eta elurrak hartuko dute lekukoa. Hala, eguraldiak hobera egingo duela ikusita, uholdeei aurre egiteko Larrialdi Plana bertan behera uztea erabaki du Segurtasun Sailak. Ibaien maila ez da kezkagarria, eta, euria egiteari utziko dionez, jada ez da beharrezkoa horri eustea, Jaurlaritzaren ustez.
Euskalmeten iragarpenaren arabera, eguna amaitzerako, hodeitza gutxitu egingo da eta prezipitazio arinak izango dira; hori bai, tarteka, baliteke txingor ekaitzak izatea.
Dena dela, barnealdean elurra bota dezakeela eta, abisu horia ezarri du Euskal Meteorologia Agentziak. Elur-kota 600 metroan kokatuko da, eta mendi inguruetan 400 metrora jaitsi daiteke.
Nafarroan, antzekoa da egoera. Espainiako Meteorologia Agentziaren arabera, elur-kota 800 metrotik 400era jaitsiko da. Tenperatura minimoek behera egingo dute, eta maximoek bere horretan jarraituko dute. Barnealdean eta goizean, izotza egon daitekeela ohartarazi dute.
Mendateen egoera
Errepide sare nagusia zabalik dago, eta bigarren mailako errepideetan baino ez daude arazoak. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ibilgailuek kateak behar dituzte Herrerako mendatean (Araba), eta, elurra dela eta, kontuz ibiltzeko gomendioa eman dute Bernedon (Araba) eta Udanan eta Deskargan (Gipuzkoa).
Nafarroan, itxita daude NA-137a (Burgi-Izaba-Frantzia, 47. kilometrotik aurrera), Belaguako mendatea, NA-2011 errepidea (Zaraitzu-Frantzia) eta NA-2012a (Otsagabia-Irati).
Horrez gain, kateak behar dira NA-176 errepidean, 6. kilometrotik aurrera.