Gizartea -

Giza krisia

Munduko Medikuek 100.000 pertsona salbatzeko diru-laguntza eskatu dute

Goseak hiltzen edo malariak jota daudenak, Filipinetan tifoiak kaltetutakoak eta Siriako gatazkaren biktimei laguntzeko kanpaina jarri dute abian.

Gosearen biktimak, Kenian. Argazkia: Efe
Gosearen biktimak, Kenian.
Gosearen biktimak, Kenian. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko Medikuak Gobernuz Kanpoko Erakundeak "Gizatiarra izateak bizitzak salbatzen ditu" kanpaina jarri du abian, Goseak hiltzen edo malariak jota daudenak, Filipinetan tifoiak kaltetutakoak eta Siriako gatazkaren biktimei laguntzeko. Guztira, 100.000 pertsonaren bizitza salbatzea dute helburu.

Leloa hau izango da: "Gizaki baten bizitza salba dezakeen bakarra beste gizaki bat da". Horren bitartez, laguntza zuzenen garrantzia azpimarratu du erakundeak.

Jose Antonio Bastos Munduko Medikuak erakundearen presidenteak Bartzelonan emandako prentsaurreko batean azaldu duenez, lau milioi haur hiltzen ditu urtero goseak, eta malariak 600.000. Horiek dira, hain zuzen ere, haurren heriotza eragiten duten bi gaitz nagusiak.

Bastosen arabera, heriotza horiek "onartezinak" dira eta "saihestu daitezke"; izan ere, ez dira sendatzeko zailak diren gaixotasunak, ezta garestiak ere.

"Haur bati malaria sendatzeko tratamenduak euro bat balio du, amaren eta haurraren osasuna bermatuko duen erditze batek 30 euroko kostua du. Zailagoa da desnutrizioak jota dauden haurrak artatzea, gutxienez lau asteko tratamendua behar baitu, eta 40 euroko kostua du. Tratamendua duten gaixotasunak eta saihestu daitezkeen heriotzak dira", gaineratu du Bastosek.

Bestalde, Siriako gatazkaren ondorioz, sei milioi pertsona baino gehiago errefuxiatu edo erbesteratuta dituzte; eta Filipinetan, tifoiaren ondorioz lau milioi pertsonak utzi behar izan dute etxea.

Nola eman laguntza

Bi bide daude Munduko Medikuen kanpainari laguntza emateko. Alde batetik, 28033 telefono zenbakira "Soy humano" SMSa bidalita 1,2 euroko laguntza eman daiteke. Bestetik, www.msf.es/serhumano webgunean sartu eta diru-laguntza eman daiteke nahi den ekimenera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko berriak Gizartea albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Medikuak Dirulaguntzak gaur