Gizartea -
Merkataritza - Turismo Sariak
Azkena Rock eta Matia bitxi-denda saritu dituzte
Besteak beste, Karrantzako Pozalagua kobazuloari eta Laudioko Beldui Txakolina enpresari ere sariak eman dizkiete.
Erredakzioa
Gasteizko Azkena Rock jaialdiak eta Jesus Matiak, Bilboko Matia bitxi-dendako jabeak, 2013ko Turismo eta Merkatariatza Sariak jaso dituzte.
Gasteizen egin dute sari-banaketa asteazken honetan, eta bertan izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantza Tapia Lehiakortasun sailburua. Jaurlaritzak urtero ematen ditu Turismo eta Merkataritza Sariak.
Merkataritzak eta turismoak Euskadin duten garrantzia azpimarratu du Urkulluk, eta BPGaren % 17 direla azpimarratu du.
Turismo Sariak 2013
Jaurlaritzak Gasteizko Azkena Rock Festival jaialdiari eman dio aurten Turismo Saria, ekimenak duen inpaktu ekonomikoagatik. Bertan azpimarratu dutenez, Estatuko bost jaialdi onenen artean dago Azkena Rock, eta 2000. urtetik milaka lagun biltzen ditu urtero Arabako hiriburuan.
Halaber, bi accesit eman dituzte aurten turismo mailan: Hospederia Los Parajes (Laguardia) eta Jolaski enpresa (Bidasoan)
Aipamen berezia egin diote Karrantzako Pozalagua kobazuloari (Bizkaia), 2013ko txokorik ederrena aukeratu berri baitute.
Merkataritza Sariak 2013
Merkataritza arloan, berriz, Jesus Matia Bilboko Matia bitxi-dendako jabearen ibilbide profesionala saritu dute. 1962an ireki zituen ateak dendak, eta egun 17 langile ditu, bi saltokitan.
Laudioko Beldui Txakolina enpresari berrikuntza saria eman diote, 22 urteko ibilbidearen ondoren; eta Tolosa Merkat foroa, berriz, txikizkako merkataritza sustatzen egindako lanagatik saritu dute.