Gizartea -

SARIA

Pozalaguako kobazuloa 2013ko txokorik ederrena aukeratu dute

2013ko txokorik ederrena da Karrantzan dagoen Pozalaguako kobazuloa, Repsol gidak banatzen dituen sarien arabera

Pozalagua
Pozalagua
Pozalaguako leizea, espainiar estatuko 2013ko txokorik onena

1:15

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ederretan ederrena. Gaurtik, Karrantzako Pozalaguako kobazuloa 2013ko Txokorik Ederrena da, Repsol gidak banatzen dituen sarien arabera.

Goizean izan da bozketa, eta hamarretarako minutu eskas falta zela, iritsi da berri pozgarria; Hervaseko Auzo Judua (Caceres)  izan du aurkari azken bozketan Pozalaguak, eta, azkenean, Karrantzako kobazuloak 200.000 botoko aldea kendu dio Extremadurako harribitxiari. Orotara, 741.000 bozka jaso ditu Pozalaguak, Hervasek 524.000 jaso dituen bitartean.

Dituen  estalaktita eszentrikoek egiten dute berezi Pozalagua; ohiko estalaktitekin alderatuta, alegia, goitik behera eratu ordez, estalaktita eszentrikoak edozein norabide har dezakete, zuhaitz bateko adarrak bailiran.

Berria ez da ezustean iritsi Karrantzara, jakina baitzen Pozalagua faboritoen artean zegoela,azken egunotan, bozketan aurrea nabarmen hartzen ari zela ikusita. Hala, Karrantzako bizilagun ugari, goizean goizetik, Udaletxe atarian batu dira, azken erabakia noiz iritsiko. Hainbat ekitaldi prestatu dituzte, izendapena ospatzeko. Eguerdian, esaterako, auto-karabana bat egingo dute, herriaren erdigunetik Pozalaguaraino; kobazuloan sartuko dira eta ondoren, kanpoaldean, otordua egingo dute.

1957an, ustekabean, topatu zuten Pozalaguako leizea, inguruko harrobi baten egindako leherketa bati esker.  1991ean publikoarentzat zabaldu zuten, eta ordutik, milaka lagunek bisitatu dute estalaktita eszentrikoen 'gotorlekua'. Hainbat gunetan banatuta dago kobazuloa, eta 'Versalles aretoa' deitzen den lekuan daude hain bereziak diren estalaktita mota horiek gehien. Metalezko pasabidea dago egokituta, leizea zeharkatzeko.

Turismoari bultzada

Zalantzarik gabe, pozarren hartu du albistea Raul Palacio Karrantzako alkateak. Izendapen honek herriari mesede handia egingo diolakoan dago, bestea beste,  Karrantza ezagutarazten lagunduko duelako eta bertako turismoa indartzeko balioko duelako.

Egunotako 'boom mediatikoari' ahalik eta probetxu gehien ateratzea espero du alkateak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da gaur Bizkaian? Turismoa Euskadi Gizartea Albisteak Gaur Albisteak Zer egin Euskadin Enkartazioak gaur