Gizartea -
Euskararen eguna
Euskara egunero erabiltzea eskatu du Urkulluk, bizia emateko
Jean Haritschelhar omendu du Jaurlaritzak. 1989tik 2004ra euskaltzainburu izandakoa irailean hil zen, Biarritzen.
Erredakzioa
Abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatzeaz gain, urteko gainerako egunetan ere euskaraz aritzea eskatu du Iñigo Urkulluk, eguneroko erabilerak ematen baitio ''arnasa'' hizkuntza bati, lehendakariaren hitzetan.
Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldia egin du astearte honetan Eusko Jaurlaritzak Gasteizen. Bertan, euskarak azken 30 urteotan izan duen susperraldia azpimarratu du lehendakariak.
Urkulluk azaldu duenez, orain hiru hamarkada bost euskal herritarren artean bat bakarrik zen elebiduna; gaur egun, berriz, hirutik batek hitz egiten du euskaraz. Halaber, garai batean euskara gehien ezagutzen zutenak adinekoak zirela gogoratu du, eta pozik agertu da gaur egun ''gizartea gero eta gazteagoa den neurrian euskaldunagoa'' delako.
Bestalde, azken 30 urteotan euskarak hainbat arlo irabazi dituela azpimarratu du lehendakariak, eta hezkuntza, komunikabideak, lan-mundua, zientzia eta Internet nabarmendu ditu horien artean.
"Elkarbizitza linguistikoa"
Hitzaldian, euskararen eta gaztelaniaren arteko "elkarbizitza linguistikoa" aldarrikatu ditu Urkulluk, eta euskararen susperraldiaren "arrakasta" akordio "zabaletan" oinarrituta dagoela esan du.
Horren harian, lehendakariak esan du ''elkarbizitza linguistikoa" defendatzea dela Jaurlaritzaren lehentasunetako bat, euskal gizarteak "behin eta berriz" erakutsi duelako "elebiduna" izan nahi duela.
Bestalde, mundu mailako aniztasun linguistiko eta kulturala babestu beharra dagoela azpimarratu du lehendakariak.
Jean Haritschelhar euskaltzainburuari omenaldia
Ekitaldi horretan, irailaren 1ean Biarritzen hil zen Jean Haritschelhar Euskaltzaindiko kidea omendu du Jaurlaritzak. 1989tik 2004ra euskaltzainburu ere izan zen Haritschelhar.
Ekitaldiz betetako eguna
Aurretik, beste hainbat ekitaldi egin dituzte, Euskararen Eguna ospatzeko. Hala, goizean, Linguae Vasconum Primitiae (1545) argitalpenaren edizio berria aurkeztu dute Euskaltzaindiak eta Eusko Legebiltzarrak Gasteizko Ganberan. Euskaraz publikatutako lehen liburua da, eta txineraz, arabieraz, kitxuaz, errumanieraz, katalanez eta galegoz kaleratu dute oraingoan.
Legebiltzarra "Babel txikia" bihurtzeko helburu izan dute, eta "Kontrapas" olerkia 12 hizkuntzatan izan da entzungai: Xabier Kintanak euskaraz irakurri du, eta, ondoren, katalanez (Marti i Castelek), galegoz (Manuel Gonzalez), errumanieraz (Delia Mihaela Cristea), txineraz (Fang Xiao), arabieraz (Shaalan Hares) eta kitxuaz (Veronica Yuquilema) egin dute. Mikel Morris, Karmele Jaio, Julia Brade, Simon Lambert eta Giovanni Zanon idazleen bideoak ere eskaini dituzte, olerkia ingelesez, gaztelaniaz, alemanez, frantsesez eta italieraz ere entzuteko.
Bestalde, Euskaltzaleen Topaguneak "Euskarak 365 Egun" kanpaina abiatu du, eta euskaltzaleei "plazara ateratzeko deia" egin die, hainbat ekitaldi antolatu baititu 30 herritan.
Topaguneak 50.000 kartel banatu ditu, eta 365egun.eu webgunea sortu du. Bertan, euskaltzaleek argazkiak igo ahal dituzte, babesa adierazteko.
#Mundiala
Egun osoan zehar, sare sozialetan erabiltzaileak #mundiala erabiltzen ari dira, euskaldun guztiak mapan jartzeko.