Gizartea -
Urriaren 18an desagertu zen
Child Focusek prentsaurrekoa emango du gaur Hodei Egiluzen inguruan
Haurrei eta familiei laguntza ematen dieten elkarteak agerraldi bat egingo du gaur 15:15ean, eta Egiluzen desagertzearen inguruko datu berriak ematea espero da.
Erredakzioa
Child Focus elkarteak prentsaurrekoa emango du gaur Hodei Egiluzen auziaren inguruan. Haurrei eta familiei laguntza ematen dieten elkarteak agerraldia egingo du gaur Anberesko Aan de Stroom museoan, 15:15ean, eta Egiluzen desagertzearen inguruko datu berriak agertzea espero da.
Hamar egun barru bi hilabete egingo ditu Egiluzek desagertuta, eta, orain arte, bost lagun, lau heldu eta adingabe bat, atxilotu dituzte gertakariarekin zerikusia izan lezaketelakoan. Zantzu guztien arabera, bortxazko lapurreta baten biktima izan zen galdakarra. Atxilotuetako batek Egiluzen sakelako telefonoa eta kreditu txartela zituen, eta atxilotutako beste biri eman zizkien.
Alabaina, emakume bat askatu zuen azaroan Polizia belgikarrak, Gazet van Antwerpen Anberesko egunkariak zabaldu duenez. Carmen T. 45 urteko emakumea da libre utzi zutena, eta Egiluzen sakelako telefonoa zuelako atzeman zuten. Emakumeak bere burua entregatu zuen Polizia bere atzetik zebilela jakin zuenean. Egiluzen sakelako telefonoa erosi zuela onartu baina gaztearen berririk ez zuela azaldu zuen. "Isiltasun osoz" utzi zuten libre, aipatu iturrien arabera.
Ilse Claes instrukzio epailearen azken erabakietako bat izan da emakumea libre uztearena; izan ere, beste epaile baten esku utzi dute orain auzia, Anberesko hedabideen esanetan.
Egiluz urriaren 19ko goizaldean galdu zen Belgika iparraldeko hirian, eta ordutik sekretupean dago hura bilatzeko ikerketa. Gaztea "ekintza kriminal baten biktima" izan zela pentsatzeko zantzuak daudela uste du Poliziak. Hori horrela, gaztearen gorpua bilatzeko lanak egin dituzte Eskalda ibaian zehar, baina ez dute aurkitu.
Azaroaren 19an, galdu zela hilabete bete zenean, senideek eta lagunek kontzentrazioak egin zituzten bai Galdakaon (Bizkaia) bai Anberesen.
Ion Uribe Galdakaoko alkatea Belgikara joan zen Anberesko alkatearekin hitz egin eta ikerketak aurrera jarrai dezala eskatzera.