Gizartea -
Osasun zerbitzuak
Errezeta elektronikoa Euskadiko lurralde guztietan dago martxan
EAEko 849 farmazietan eta Osakidetzako 322 zentroetan martxan da jada 'e-rezeta'. Osasun txartelak errezeta lanak egiten ditu.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru lurraldeetako 849 farmazietan eta Osakidetzako 322 osasun zentroetan martxan da jada errezeta elektronikoa. Bilbo izan da e-rezeta proiektuarekin bat egiten azkena eta, beraz, Euskadiko toki guztietan agindu eta ematen dituzte jada sendagaiak 'e-rezeta' erabiliz.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostiral honetan eman dituen datuen arabera, 3.500.000 errezeta elektroniko inguru banatu dira dagoeneko, hau da, egindako errezeta guztien %91 elektronikoak dira dagoeneko. Egunero 62.528 errezeta elektroniko erabiltzen dira. Lurraldeka, Araban %95ekoa da banaketa elektronikoa; Bizkaian, %94,65ekoa; eta Gipuzkoan, berriz, %88koa.
Osasun txartelak errezeta lanak egiten ditu
Iñaki Betolaza Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendariren hitzetan, "sistema erraza, segurua eta eraginkorra'' da. Hala, osasun txartelak errezeta lanak egiten dituela gogoratu du, eta gaixo kronikoei etengabe osasun zentrora joan beharra ekiditen diela azpimarratu du.
Paperezko errezeta ez da erabat desagertuko
Virginia Cortina Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialeko presidenteak azaldu duenez, paperezko errezeta ez da erabat desagertuko, Euskadirik kanpora joateko hori erabili beharko baita.