Gizartea -
'Euskal Y'
Sustapen Ministerioak argi utzi du Bergarako korapiloa egingo dutela
Aitor Esteban EAJko bozeramaileak, Espainiako Gobernuak 'Euskal Y'aren inguruan duen asmoari buruz galdetu ostean, hau erantzun dio Pastorrek: "Nahi baduzue gurekin eseri eta elkarrekin egingo dugu".
Erredakzioa
Ana Pastor Sustapen ministroak 'Euskal Y'ari buruz hitz egin du gaur, eta argi utzi du Bergarako korapiloa egingo dutela, "azpiegitura horretan oinarrizko zati bat delako". Dena den, ez du zati hori 2014an eskainiko dutenik ziurtatu.
"Zati hau zuek eskaini nahi baduzue, eseri gurekin", esan dio ministroak Aitor Esteban EAJko bozeramaileari, Kongresuko kontrolerako saioan. Modu horretan erantzun dio Pastorrek, Estebanek 'Euskal Y'arekin lotuta Gobernuak dituen asmoei buruz egindako galderari.
Hain zuzen ere, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak ez duela hitza bete gogorarazi du gaur Aitor Estebanek. Izan ere, 'Euskal Y'aren hiru zatiak lotzen dituen Bergarako korapiloa aurten eskainiko zutela hitzeman zuen Rajoyk. Hori dela eta, "atzerapena hain handia ez izateko", 2014an eraikuntza enpresei zati hori eskaintzea exijitu dio EAJk Sustapen ministroari.
Estebanen esanetan, Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen trenbidearen zatia, hots, Gipuzkoako adarra, 2016rako egongo da bukatuta. Hortaz, Ministerioak Bergarako korapiloa eskainiko balu, abiadura handiko trena 2018rako egon litzateke martxan.
Pastorrek, aldiz, ez du irtenbidea hain errez ikusi, eta egungo arazo ekonomikoa ekarri du gogora.