Gizartea -
Gabonetako Loteria
Hasi da Gabonetako Loteriaren zozketa
Loteriaren zozketan, lehen aldiz, 2.500 eurotik gorako sarien irabazleek % 20ko zerga ordaindu beharko dute. 09:15 inguruan hasi da zozketa, Madrilgo Errege Antzokian.
Erredakzioa
Hasi da Gabonetako Loteriaren zozketa Madrilgo Errege Antzokian, eta jendea adi-adi dago jada sari handiren bat tokatuko zain.
Zozketan, sari 'potoloak' dezimo bakoitzeko 400.000 euro banatuko ditu. Gainera, lehen aldiz, zergak ordaindu beharko dira. 2.500 eurotik aurrera, Ogasunak sariaren % 20a zergapetuko du.
Zozketako sariak iazko berdinak izango dira. Lehen saria lau milioi eurokoa izango da, bigarrena 1,25 milioi eurokoa eta hirugarrena 500.000 eurokoa. Bi laugarren sari banatuko dira, bakoitza 200.000 eurokoa, eta zortzi bosgarren sari, bakoitza 60.000 eurokoa.
Jokatutako euro bakoitzeko, lehen saria lortzen dutenek 20.000 euro poltsikoratuko dituzte; bigarren sariagatik, 6.250 euro; hirugarrenagatik, 2.500 euro; laugarrenengatik, 1.000 euro; eta bosgarrenengatik, 300 euro. Guztira, 2.240 milioi euro banatuko dira 24,5 milioi saritan.
Gainera, lehen saria lortzen duen zenbakiaren aurrekoak eta ondorengoak 20.000 euroko balioa izango dute; bigarren sariaren aurrekoak eta ondorengoak, 12.500 eurokoa; eta, hirugarren sariaren aurrekoak eta ondorengoak, aldiz, 9.600 eurokoa.
Gaurko, 100.000 txarteleko 160 serie jaulki dira, iazko 180 serieak baino gutxiago. Jaulkipena 3.200 milioi eurokoa izan da, eta horren % 70a sariei dagokie.
Lehen aldiz, zergekin
Ogasun Sailak gogorarazi duenez, 2.500 eurotik aurrerako zatiari aplikatuko zaio zerga berria. Adibidez, lortutako saria 6.000 eurokoa balitz, 3.500 eurori aplikatuko lioke zerga Ogasunak, eta % 20a jasoko luke, 700 euro, alegia.
Atxikipena Estatuko Loterien eta Apustuen Erakundeak egingo du, beraz, irabazleak saria zergak aplikatuta jasoko du.
Irabazitako dirua errenta aitorpenean gehituko dela kontuan izan beharko dute irabazleek. Dena dela, ez da PFEZaren oinarri zergagarrian sartuko, eta ez du eraginik izango edozein motatako diru-laguntzak eskatzerako orduan.
Zozketaren errituala
Gabonetako Loteriaren zozketa Madrilgo Errege Antzokian ospatuko da. 08:00etan ireki dira bertako ateak; ordu erdi geroago, zozketako mahaia osatuko da eta bolatxoak loteria-ontzian sartuko dira. 09:00etan hasiko da zozketa.
San Ildefonso eskolako bi haurrek zenbakien ontzitik eta sarien ontzitik aterako dituzte bolatxoak, eta beste bi haurrek zenbakiak abestu eta taulako burdin harian sartuko dituzte.
Zozketa amaitu eta 45 minutura, guztia gainbegiratu ostean, zenbakien eta sarien fitxategia Espainiako Moneta eta Tinbre Fabrikara igorriko dute, eta zerrenda ofiziala inprimatuko dute bertan. Gaur arratsaldean, loteria saltzaileei eta hedabideei bidaliko diete zerrenda hori.
Sarien eta zenbakien taulak zazpi egunez egongo dira jendaurrean ikusgai. Astebete pasatzean, bolatxoak atera eta beste zozketa baterako gordetzen dira.
Jaitsi egin dira salmentak
Loteriaren salmentak % 4,18 murriztu dira 2012an saldutakoaren aldean, eta guztira 2.362 milioi euro bildu dituzte. Horren % 70a saritan banatuko dute.
Estatuko Loteria zerbitzuaren arabera, iaz 2.466 milioi euro bildu zituzten, eta % 8,03 murriztu zen 2011ren aldean.
Espainiako Estatuko herritarrek batez beste 49,99 euro gastatu dituzte loterian (2012an 52,26 euro).