Gizartea -
Sutea Pasaian
Pasaiako sutea bengala baten ondorioz piztu zela uste du Udalak
Udalak bulego bat irekiko du gaur Trintxerpen, atzo gauerdian piztutako sutearen kaltedunak artatzeko. Gainera, 11:00etan, berriz ere batzartuko da horiekin, euren etxeen egoeraz informatzeko.
IKER GOMEZ / EITB.COM
Pasaiako sutea bengala baten ondorioz piztu zela da ikerketaren teoria nagusia, gaur Amaia Agirregabiria Pasaiako alkateak azaldu duenez.
Horren harian, suziriak erosteko eta erabiltzeko araudia “ezinbestekoa” dela esan du Pasaiako alkateak Euskadi Irratian. “Erreza izaten da materiale hori erabiltzea, argüí dago erregulazio bat ezinbestekoa dela”, adierazi du.
Gogoratu duenez, Udalak bulego bat irekiko du gaur goizean Trintxerpen, atzo gauerdian piztutako sutearen kaltedunak artatzeko. Gainera, 11:00etan, berriz ere batzartuko da horiekin, euren etxeen egoeraz informatzeko. Udalak bitartekaritza lanak egingo ditu aseguru etxeekin, “denek ildo beretik jarraitu dezaten”, Agirregabiriaren hitzetan.
Bestalde, datorren igandean herritarrek hitzordua egin dutela azaldu du, jostailuak, arropa edota dirua biltzeko eta kaltetuei laguntza eman ahal izateko.
Udal arkitektoak auzokidei jakinarazi dienez, eraikin kaltetuena eraitsi egin beharko dute segur aski. Alkateak azaldu duenez, kaltetutako bi eraikinek egitura “berdina” dute eta, horrenbestez, “eraikin bati ematen zaion irtenbideak besteari ere eragingo dio”.
“Lehenengoak errauste arriskua dauka, gaur goizean ikusi behar dugu ze elemento arriskutsu kendu daitezkeen”. Horren harian, gaur bertan eraikinean sartzen saiatuko dira, auzotarren gauzak berreskuratu ahal izateko.
Atzo gauerdian piztu zen, Euskadi Etorbideko 5. zenbakian, baina sugarrak alboko eraikinera ere hedatu ziren.